“Imajinatzen Rajoi botatzeko bozkak estaturik gabeko nazioenak izatea?” Oihane Zabaleta (EH Bildu)

E. Unamuno 2016ko eka. 16a, 21:03

Pentsioak, industria, lan-merkatua, azpiegiturak, hauteskunde osteko aliantzak eta beste hainbat gai landu dituzte gaur arratsaldean EH Bilduk antolatu duen solasaldian, baina sozioekonomia izan dute berbetagai nagusi. 

Euria egiteko arriskua zela-eta Kontzejupean egin dute Plaza Berrian egitekoa zen ekitaldia. Hirurogeiren bat herritarrek parte hartu dute ordubete inguru iraun duen solsaldian. Herritarrek galderak egin dizkiete hizlari ziren hiru ordezkariei eta hauek EH Bilduren proposamenen berri eman dute. "Burujabetzaren bidetik kudeaketarako tresnak eskuratzearen garrantzia" azpimarratu dute hiru ordezkariek (Pello Urizar, Oihane Zabaleta eta Gorka Errasti).

Hauek izan dira solasaldian aipatu dituzten zenbait proposamen:

Madrilera joateko arrazoiak

“Madrilen beti egon gara, eta joan behar dugu ezkertiar eta independentisten ahotsa bertan entzun dadin”.

Pentsioak

“Pentsio sistema propioa behar dugu pentsio duinak bermatuko dituena. Pentsioak langileek ordaintzen dituzte euren soldatarekin eta lan-baldintzak zaindu ezean pentsioak arriskuan daude”.

Industria

“Instituzio publikoek administrazio kontseiluak hemen dituzten enpresei lagundu behar diete bereziki eta inplikatu, langileen parte hartzea bermatzen duten ereduak bultzatzeko”.

Gazteak eta lan-mundua

“Gaur eguneko lan-erreformak  egiten du posible gazteen lan-baldintzak prekarioak izatea. Lehen langile bati ordaintzen zitzaionarekin bi langileri ordaintzea nahi da orain. Hori aldatzeko tresna ekonomiko eta finantzieroak eskuartean izatea ezinbestekoa da. Eredu propioa behar dugu”.

Mundu mailako egoera

“Munduan zehar gatazkak eragiten dituzten jatorrizko arazoei heldu behar zaie, atzerritarren legea berritu behar da… kuotak aipatzeak lotsa ematen digu”.

Zergak eta gizarte-laguntzak

“Aberatsen interesak lehenesten dituzte, txiroenei laguntzak kentzen dizkiete eta aberatsei zergak murriztu. Gipuzkoa oasi txiki bat zen dependentziarendako laguntzei zegokionez baina EAJk eta PSE-EEk laguntzak murriztu dituzte sos apur batzuk aurrezteko”.

Azpiegiturak

“Gizartea pobretzen ari den bitartean azpiegitura handien alde egiteak arrazoi bakarra du atzean, lobby eta oligarkia ekonomikoaren eskariak asetzea. Gipuzkoan aurreratu genuena deusezten ari dira baina zorionez herri mugimendua pizten ari da eta hori pozgarria da. Etorkizunean gero eta zailagoa gertatuko zaie ezertarako behar ez ditugun azpiegitura erraldoiak justifikatzea, sekulako zorpetzea dakarrelako”.

Hauteskundeetako emaitzak

“Gipuzkoan bigarren ordezkaria lortzeko bozka gutxi batzutara gaude eta horrek izan behar dugu gure erronka”.

Podemos

“Podemosengandik kezkatzen gaituena da, planteamendua Madrilen ikuspuntutik egina dagoela, beste behin. Katalunian, Balentzian, Galizian… sortu dituzte ordezkaritza propioak eta Euskal Herrian ez? Betikoa da”.

EH Bildu bozkatzeko arrazoiak

 “Imajinatzen duzue Rajoi botatzeko ezinbesteko bozkak EH Bildurenak izatea, estaturik gabeko nazioenak izatea? Zenbat eta bozka gehiago jaso,orduan eta aukera gehiago izango da Rajoi botatzeko”.

“Gu gara erabakitzeko eskubidea edozeinen aurrean eta momentu guztietan defendatuko dugunak”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.