Azken urteetako tradizioari jarraituz, aurten ere San Juan jaien bezperan, "Hernani Sutan" boxeo jaialdia antolatu dute Hernaniko Kiroldegian. Zapatuan, hilak 18, gaueko 22:00etan hasiko dira borrokaldiak. Boxeolarien artean Ixa Rodriguez (lopabox team), aurtengo Espainiako txapelduna, eta Alba Castejoren arteko borrokaldia nabarmentzen da. Horrez gain, aipatzekoa da Sebas "el latigo" eta Fernando Suarez-ek Gipuzkoako txapelketa izango dutela jokoan.
Ixa Rodriguez-ek kirolean parekidetasunaren inguruko idatzi bat irakurri zuen jaialdiaren aurkezpenean:
"Parekidetasuna ez da errealitate bat gaur egungo kirolean, hori dela eta, emakumezkoak eta gizonezkoak, kirolariak, administrazio publikoak, elkarteak eta klubak kirolean parekidetasuna lortzeko borrokan jarraitu behar dugu. Hori bezain garrantzitsua da emakumeak kirol munduan ardura eta erantzunkizun karguetan duten presentzian aurrera pausoak emateko lanean jarraitzea eta zer esanik ez komunikabideetan emakumeen kirolari merezi duen espazioa aldarrikatzea. Hori dela eta, kirolean parekidetasunaren bidean aktibo guztiak parte hartzera bultzatu nahi ditugu eta "Hernani Sutan" boxeo jaialdiarekin gure ekarpena egin nahi dugu.
Sarrerak salgai
Zapatuko boxeo jaialdira gerturatzeko asmua dutenek Hernaniko Tripontzi eta Atxur tabernetan erosi ditzakete aurrez sarrerak. Gainontzean, Hernaniko kiroldegian zapatuan bertan sarrerak erosteko aukera egongo da, iluntzeko 21:00etatik aurrera.