Zinegotzi lanak laga arren militatzen jarraitzen duzu.
Bai, udaletxea laga nuen baina alderdiaren inguruko kontuak neuk eroaten ditut: alderdiarekiko harremanak, militanteak konbokatzea, hauteskundeetako zereginak… Udaletxeko kontuak ere komentatzen ditugu, zinegotzien jarduna errespetatuz baina beti ere kriterioa agrupazioarena izango dela ziurtatuz.
Zer prestatu duzue urteurreneko ekitaldirako?
115 urte, urte asko dira; herriko alderdirik zaharrena gara. Egun garrantzitsua izango da guretzat. Ekitaldi bat egingo dugu Plaza Zaharrean, eguerdi aldera. Alderdiko hainbat kide ezagunek parte hartuko dute: Patxi Lopez, Idoia Mendia, Jesus Egiguren, Odon Elorza, Iñaki Arriola… eta beste zenbaitek.
Zer dakizue herriko Alderdi Sozialistaren sorreraz?
Askorik ez dakigu. Diktadura garaian eta 23F-an alderdiaren agiri eta artxibo mordoa galdu ziren. Zorionez alderdiaren eratze-agiria aurkitu genuen udaletxeko artxiboan eta hortik jakin dugu noiz eratu zen; 1901. urteko ekainaren 6an. Celestino Elizburuk sinatuta dago eta dio, egun horretan eratu zutela Partido Socialista, Centro Obrero edo El Liberal deitzen zitzaion egoitzan, gaur BBVA banketxea dagoen lekuan zegoen. Gerra ostean, Santa Ana kaleko Herriko Etxea inauguratu genuen, ofizialki 1977ko urriaren 8an, eta bertan egon ginen orain dela hamabost urte ingurura arte; ondoren,gaur eguneko egoitzara aldatu ginen.
Orokorrean, zelakoa izan da Alderdi Sozialistaren bilakaera herrian?
Herrian ordezkaritza sozialista izateko lan egin dugu beti, demokraziaren alde. 77ko amnistiaren ostean udaletxean ordezkaritza izateko lanean hasi ginen eta ordutik hona beti mantendu dugu ordezkaritza udaletxean, gutxienez zinegotzi bat eta gehienez hiru izan ditugu. Soraluzeko Agrupazio Sozialista oso txikia izan da baina beti eutsi dio botoemaile kopuru bati eta alderdiaren barruan oso mirestua izan da horregatik.
Garai hartan, mugimendu handia zegoen agrupazioaren inguruan: filmak eskaintzen genituen Herriko Etxean eta txirrindulari talde bat ere sortu genuen, hitzaldiak, afariak… Gero indar politikoak elkarrengandik bereizten hasi ginen eta Alderdi Sozialista marginatuta gelditu zen herrian. Soraluzen Alderdi Sozialistako kidea izatea ez da inoiz erreza izan.
Zure familiak harreman handia izan du Alderdi Sozialistarekin, ezta?
Bai. Gure etxean diktadura garaian asko pasatutakoak gara. Gerra ostean aitita Santoñako gartzelan izan zuten preso, izeba Errusiara kanporatu zuten eta diktadura garaian aitak presio handiak jasan zituen. Aita oso gogorra zen politika kontuetan eta inoiz ez zuen atzera egin. Nere ezkontza eguna baino egun bat lehenago atxilotu egin zuten. Halako familia batean eta giro horretan bizi izan bazara, barru barruan bizi duzu hori guztia eta ondorioz, ni naiz, naizena.
Ondoren ETAren garaiak bizi izan ditugunean, niri esaten zidaten ea zer egiten nuen hor. Baina ideia batzuekin zeharo konbentzituta zaudenean ez duzu beste biderik aurrera egitea baino. Pentsatzen dut, azken batean, ETAkoei ere berdina gertatuko zitzaiela. Baina ezberdintasuna da nik ez nuela pistolarik hartu. Hala ere, oraindik ez dut ulertzen ETAk zergatik jarraitu zuen 77an eta gustatuko litzaidake Ezker Abertzaleko nire adineko batekin garai hartako errepasoa egin eta esango balit zergatik erabaki zuten jarraitzea. Ezker Abertzalearen ideiak ez dira txarrak, moduak izan dira txarrak.
Alderdi Sozialistaren ordezkari nagusi izan zaren aldetik, zela bizi izan dituzu urte horiek?
Oso gogorrak izan dira. Asko sufritu dut eta negar asko egin dut eta nire familiak ere bai. Ni erasotu naute hitzez eta nik hitzez erantzun dut baina inoiz ez dut lehenengo hitza esan. Inork ezin du esan nik inori minik egin diodanik baina niri egin didate eta nire familiari ere bai. Niri ukabilkada bat eman zidaten sabelean, faxista deitu zidaten diktadura garaian geure etxean izan zirenek, harremana galdu dut lagun on askorekin... baina ez naiz ezkutatu eta atzera begiratuta pentsatzen dut merezi izan duela, nere herriaren alde jardun dudalako. Horregatik, oraindik ere, pertsona askok gorrotoz begiratzen didate.
Zela baloratzen dituzu Ezker Abertzaleak azken aldian eman dituen pausoak?
Ondo baina uste dut Ezker Abertzaleak baduela oraindik zor bat biktimekin. Ni ez naiz terrorismoaren biktima kontsideratzen, eta ni bezalakoak ere ez ditut biktima kontsideratzen, guk tratu txarra besterik ez dugulako jaso baina euren alde berba egingo dut. Nik Estatu Terrorismoaren berri jakin nuenean kondenatu nuen baina esker abertzaleak ez du kondenatu.
Nik Ezker Abertzaleko pertsona batzuk asko errespetatzen ditut, eurak ni errespetatu nautelako baina beste jende askok egin didatena ezin dut ahaztu eta ezin izango dut barkatu. Udaletxean ezker abertzaleko ordezkari gehienekin harreman oso ona izan dut, “buru karratua” zutenekin izan ezik. Normalean arazoak udalbatzarretan etortzen zen jendearekin izaten ziren. Hain zuzen, Ezker Abertzaleko alkate bat izan zen udaletxean nirekiko irainak moztu zituena ere, eta ordutik aurrera beti errespetuz tratatu ninduten.
Presoen auziaren inguruan zein iritzi duzu?
Uste dut zigorrak osorik betetzea dagokiela baina, horrekin batera, pentsatzen dut badela momentua presoak hemengo gartzeletara hurreratu ditzaten, familiek ez dutelako zigor gehigarri hori merezi.
Etorkizunari zela begiratzen diozu?
Egia da gauzak asko aldatu direla, honek beste herri bat dirudi, baina ni neu itxita nago. Urte askotako sufrimendua izan da, ohitzen zara defentsiban bizitzen eta hori ez da egun batetik bestera aldatuko. Denborak lagunduko du agian baina ez da larrosa artean egindako bidea izango. Dena den, iruditzen zait arazo generazionala dela, euskararen galerarena izan den bezalaxe.
[Euskara]
Asko aurpegiratu didate euskararen gaia Udaletxean gaztelerazko itzulpena eskatzen nuelako. ‘Nik ez dizut debekatzen euskaraz egitea eta zuk errespetatu nik hortik pasatu nahi ez izatea, ez dakidalako’.
Nere gurasoak euskaldunak ziren eta euskaraz egiten zuten euren artean baina amamak eta aititak ez zekiten eta etxe berean bizi ginenez, gure etxean gazteleraz egiten zen. Zerbait ulertzen dut baina ez naiz berba egiteko gai sentitzen. Beti izan dut pena handia euskararik ez jakiteagatik eta seme-alabak ikastolara bidali nituen ikas zezaten. Oso argi nuen nire seme-alaben eta loiben hizkuntza euskara izango zela baina ez nirea.
Herri honetan parekatu da Alderdi Sozialista berdin jende erdalduna baina hori ez da horrela. Soraluzeko Alderdi Sozialistan pertsona euskaldun asko izan da. Nere aita Txomin del Bosque, Angel Cerrejon, Marcos Iraola, Juanito Gallastegi… euren artean beti euskaraz egiten zuten.
[Jesus Egiguren]
Nik Jesusekin asko berba egin dut kontu hauetaz eta berak beste era batera pentsatzen du baina ez horrenbeste ere. Jesus politikoa da eta ni ez naiz kontsideratzen politikoa. Nik Jesusekin berba egin nuen negoziaketak amaitu zituzten egunean eta esan zidan: “bakea izango dugu, amaitu da”. Gero etorri zen T4-ko atentatua.
[Politikari jarduna]
Lagun handiak eman dizkit politikak. Alderdi Sozialista familia handi bat da eta harremanak oso hurrekoak dira guztion artean, baita buruzagirik gorenekoekin ere. Jendearekin kontaktuan egoten ikasi dut, entzuten. Baina herri txiki batekoa zer politika da, jendeari laguntzea ez bada? Nik asko sufritu dut jendearen beharrak ikusi eta lagundu ezinarekin. Injustizia asko ikusi ditut, familia desegituratuak… Herri honetan ohitura handia dago esateko jende bat laguntzetatik bizi dela, baina laguntzak jasotzen badituzte beharra dutelako da.
Nere ustez Alderdi Sozialistaren balore nagusiak askatasuna eta solidaritatea dira eta gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak dira. Orain da momentua gehien behar dutenekin –etorkinekin- solidarioak izateko, nahiz eta gizartearen parte handi bat kontra egon.
[EAJ-PSE udal-gobernuaren jarduna]
Ez da lehenengo aldia EAJrekin gobernatzen duguna. Ni izan nintzen Ongizate Saileko batzordeburu Alberto Sudupe alkate zenean.
Hogei urte oposizioan eman eta gero, pentsa guretako zer den gobernuan izatea. Orain gure proposamenak eta programako puntuak kontuan hartzen dira.
Esango nuke Soraluzerendako positiboa izan dela baina hori, hemendik hiru urtera epaituko dute herritarrek.