Patxi Lopez, Idoia Mendia, Jesus Egiguren, Odon Elorza, Iñaki Arriola eta Rodolfo Ares zapatuko ekitaldian izango direla baieztatu digu Soraluzeko PSE-EEk. Ekitaldi xumea izango dela jakinarazi dute eta ostean, kalean buelta bat emango dutela, ospakizuna Herriko Etxean amaitzeko.
Herriko alderdirik zaharrena
Soraluzeko "Partido Socialista" eratu zeneko agiria udaletxeko artxiboan topatu zutela aipatu digu Soledad del Bosquek, herriko agrupazioko antolakuntza idazkariak. Agiria 1901eko ekainaren 6koa da, eta bertan aipatzen denez, alderdia eratu zeneko egoitza "Centro Obrero"-a zen. Agiriaren sinatzaile moduan, berriz, Celestino Elizburu ageri da.
Gerra aurretik, Soraluzeko Alderdi Sozialistako kideak "El Liberal" izeneko tabernan batzen ziren - gaur egun BBVA banketxea dagoen lekuan -. Gerra garaian, itxi egin zuten "Liberala" eta gerra ostean, Santa Ana kaleko egoitza zabaldu zuten -gaur eguneko Comercial Vila denda dagoen lekuan-. 1977ko urriaren 8an inauguratu zuten Santa Ana kaleko Casa del Pueblo-Herriko Etxea eta handik, orain dela hamabost urte inguru, gaur egunean duten egoitzara aldatu ziren.
Argazki bakan batzuk artxiboan
Solek jakinarazi digunez, Francoren diktadura garaian galdu ziren Alderdi Sozialistaren artxiborik gehienak, han eta hemen barreaturik. 1982ko 23F estatu golpe saiakera izan zenean ere galdu ei ziren beste asko eta iragarneko testigantza ematen duten argazki gutxi batzuk bakarrik dituzte gaur egun.
Albiste honetan ageri diren lehenengo eta hirugarren argazkia, Santa Ana kaleko egoitza inauguratu zenekoak dira, 1977ko urriaren 8koak. Balkoian banderak ezartzen ageri dira batean eta Herriko Etxearen kanpo aldean ateratakoa da bestea. Bigarren argazkia urtebete lehenago ateratakoa da, Santa Anako Herriko Etxean bertan. Pepe Luque, Angel Cerrejon, Txomin del Bosque eta Marcos Iraola ageri dira bandera errepublikarra atzean dutela. Azken argazkia berriz Rufino Begil omendu zutenekoa da, garai beretsukoa.