Sologoeneko zentral hidroelektrikoaren jabetza osoa Udalarena izango da

Erredakzioa 2016ko mai. 11a, 19:04

Sologoengo zentral hidroelektrikoa.

Joan zen egueneko udalbatzarrean aho batez onartu zen EEErekin, Energiaren Euskal Erakundearekin, batera zentrala kudeatzeko zegoen elkartea desegitea. Ondorioz, zentralaren jabetza eta kudeaketa osoa Udalaren eskuetara pasatuko da.

Orain arte Udalak %6ko jabetza zuen zentrala kudeatzeko EEErekin batera eratutako elkartean eta azken honen jabetzakoa zen %94a. Hemendik aurrera jabetzaren 100% -a Udalaren eskuetara pasatuko da eta baita ekoizpenaren kudeaketa osoa ere. Ordezkari politiko guztiek aho batez onartu zuten aldaketa egitea eta Udal gobernuak zentralaren kudeaketa lehiaketa publiko bidez esleitzeko asmoa adierazi zuen.

EH Bilduk “Espainiako legediak ezartzen dituen oztopoen gainetik egin daitekeenaren adibidetzat” jo zuen aldaketa, “energia burujabetzaren bidean emandako pausoa” dela adieraziz. Horrekin batera, EEE “zerekin gelditu den” jakiteko eskaera egin zion udal gobernuari.

Eguneko gai zerrendan ageri ziren arrialdietarako etxebizitzaren araudiaren inguruko puntuak eta Aldundiarekin eta EAEko administrazio sailarekin sinatu beharreko hitzarmenak aho batez onartu zituzten, baita Errekaldeko 10 zenbakian dagoen etxebizitzaren doako lagapena onartzea ere.