Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzak (AGI) eztabaida iturri

E. Unamuno 2016ko mai. 11a, 19:07

Joan zen asteko udalbatzarra.

Diputazioak Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza (AGI) kentzeko asmoaren inguruan iritzi kontrajarriak azaldu zituzten EH Bilduk eta Udal-gobernuak. EH Bilduk eta EAJ-PSEk mozio bana aurkeztu zuten gai horren inguruan; lehena ez zen onartu; bigarrena bai, EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu eta EH Bilduk abstentziora jo baitzuen.

Onartu zen mozioak Aldundiari eskatzen dio AGI (Diru sarrerak bermatzeko laguntza) izeneko laguntzetatik bideratu izan diren diruak integrazio sozialeko egitasmoetara bideratu ditzala eta berraztertu deitzala RGI (diru sarrerak bermatzeko errenta) banatzeko irizpideak. EH Bilduk gogor kritikatu zuen udal gobernuaren jarrera “Aldundiak txiroenendako laguntzak ezabatu eta 1400 familia, eta horien artean 700 ume, sistematik kanpo lagako dituela” salatuz. PSE-EEk ukatu egin zuen familia horiek laguntzarik barik geldituko direnik eta “adostu berri den udal-legeak laguntza sistema berraztertutakoan hartu beharreko neurriak aztertu eta hiru probintzietan modu bateratuan hartzearen alde” egin zuen.

Siriako errefuxiatuen aldeko mozio bateratua, Europaren jarrera salatu eta honi neurriak hartzeko eskatzen ziona, aho batez onartu zuten ordezkari guztien aldeko botuarekin.

Bestetik, Aniaiz Ariznabarreta eibartarraren aurka maiatzaren 17an hasiko den epaiketaren gaineko mozioa ere onartu zuten EH Bildu eta EAJren aldeko botuekin, PSE-EEk aurka bozkatu zuen. Mozioak "jarduera politikoari jazarpen judiziala egitea" eta "tortura erabiltzea" gaitzesten ditu, eta "jardunbide politikoaren zilegitasuna aldarrikatzen du". Aniaiz Ariznabarreta Soraluzeko Arritxa baserriko senidea da eta atxilotu zutenean jasandako torturak publikoki salatu ditu.

Frackingaren aurkako mozioa ere aho batez onartu zuten ordezkari guztiek. Eusko Jaurlaritzari Eusko Legebiltzarrak frackingaren aurka onartutako legea betearaztea eta abiatuta dauden zundaketak bertan behera uzteko exijitzen dio Udalak.