Asier eta Iñakiren omenezko pelota txapelketaren XV. edizioa jokatuko da aurten. Antolatzaile-taldea berritu dute eta horrekin batera hainbat aldaketa egingo dizkiote txapelketari; besteak beste, aurten finala San Andresko jaietan jokatuko da.
Antolatzaile-taldeak txapelketa berritu eta parte-hartzaile kopurua igotzea nahi du. Izan ere, txapelketaren lehen edizioetan 70 bikotek parte hartu zuten txapelketan: “Asier eta Iñaki oso ezagunak ziren herrian eta, lehen urteetan, gertutasuna eta berotasuna adierazteko-edo pertsona askok hartu zuen parte”, baina azken urteotan parte hartzeak behera egin du, eta 2015ean 20 bikotek hartu zuten parte.
Berritasunak antolakuntzan eta funtzionamenduan
Antolakuntza-talde berria hainbat pelotazale gaztek osatzen dute: Oier Ariznabarretak, Iker Benitok, Iñigo Gonzalezek, Mikel Argaratek, Argoitz Ariznabarretak, Mikel Irisarrik eta Markel Arizagak. Talde honi gehitu behar zaio Soraluzeko pelota eskolak urtez-urte txapelketari eskeintzen dio aholkularitza eta laguntza. Txapelketa hobetzeko asmoz, antolakuntzakoek parte hartu izan duten pertsonei galdetu diete txapelketari buruz eta hobetzeko hainbat kontu identifikatu dituzte, honako hauek, besteak beste: lehiakortasun-mailak behera egin du, pelotak gogorregiak dira, komunikazioan arreta handiagoa jarri behar da… Horiek gogoan hartuta, pelotak kudeatu eta partiduei jarraipena egiteko arduradunak izendatuko dituzte, pelota bigunagoak erosiko dituzte eta domeketan barruak antolatuko dituzte, pelotak bigundu eta nahi duenak pelotan jokatzeko aukera izan dezan. Gainera, aurten finala San Andresko jaietan jokatzea erabaki dute, zentralitate gehiago lortu eta ostean talde-giroan jaiaz gozatu ahal izateko.
Komunikazioaren arloan ere ahalegin berezia egiteko asmoa dute, batez ere, jende gaztearengana heltzeko. Sare sozialetan – WhatsApp, Facebook, Twitter- kontuak zabaldu dituzte eta Markel Arizaga mugikorrerako aplikazio bat egiten dihardu, bertan txapelketako informazioa jasotzeko. Plaentxia.eus webgunean bloga ere zabaldu dute txapelketaren nondik norakoen berri emateko.
Apirilaren 16an hasiko da
Txapelketa apirilaren 16an hasiko dela iragarri dute eta izen-ematea zabalik dago apirilaren 7ra bitartean. Parte-hartzaile guztiekin batzarra egingo dute apirilaren 8an, 19:00etan Gaztetxean. Bertan, zozketa egingo dute eta txapelketaren inguruko kontuez jardungo dute.
Aldarrikapena eta kirola uztartuta
Txapelketaren lehen edizioa 2002. urtean jokatu zen, Asier eta Iñakik istripua izan eta urtebetera. Aurretik, 2000. urtean, biek parte hartu zuten San Andresko lehenengo pelota txapelketa antolatzen. Harrezkero, txapelketak aldarrikapena eta kirola uztartu izan ditu eta etorkizunean ere bide beretik jarraitzeko asmoa adierazi dute: “duela 15 urte dispertsioaren aurkako mezua modu ludikoan zabaltzearen aldeko apustua egin zuten eta guk horri eutsiko diogu”.