Duatloien ostean mendiko lasterketak
Azken hilabeteetan duatloietan buru-belarri ibili ostean hurrengo lasterketak mendian egingo ditu Jokin Muñozek.
Kantabriako lurretan korritzen den Trail Castillo Pedroso mendi-lasterketarekin ireki du Jokinek mendiko denboraldia eta oso sentsazio honekin gainera, podiumetik oso gertu.
250 korrikalarik hartu zuten parte Trail Castillo Pedrosoko III. edizioan. Soraluzeko korrikalariak lasterketa bikaina egin zuen 4. postua lortuz 1:56:13ko denborarekin. 23 kilometroko ibilbide gorabeheratsua eta malda gogorrez betea osatu behar izan zuten parte-hartzaileek. Lasterketako irabazlea Javier Crespo izan zen 1:47:21eko denborarekin, Javier, Espainiako Kross txapeldun izandakoa da. Bigarren postuan Raul Camara sailkatu zen 1:51:00ko denborarekin, Raul, Castilla eta Leon-go mendi lasterketetako txapelduna da. Azkenik, hirugarren sailkatua Pablo Martinez izan zen 1:53:08ko deborarekin. Sailkapena oso hemen.
Jokinek esan digu oso gustura dagoela lortutako emaitzarekin eta urteko lehen mendi-lasterketa izateko sentsazioak ezin hobeak izan zirela. Apirilaren 10ean Jokinentzat oso berezia izango den Kilimon Trail mendi-lasterketa korrituko du bere sortherrian, Mendaron.
Jokin Muñoz-ek ilusioz, korrikalariei Kilimon bailarako lasterketan parte hartzeko gonbita luzatzen die.
Iturria: Irati Iñurrieta / Argazkia: Pedro Aboitiz