Hamalau guraso, “berritsu” bihurtzeko bidean

Egoitz Unamuno 2016ko mar. 9a, 12:14

Tailerraren lehenengo saioan parte hartu duten gurasoak.

Otsailaren 27an egin zuten Guraso Berritsu tailerraren lehenengo saioa eta hamalau gurasok parte hartu zuten bertan. Gurasoetako batzuk euskal hiztunak dira, beste batzuk ez, baina guztiek dute helburu bera: euren seme-alabei euskararen ezagutza eta erabilera prozesuan laguntzea. 

Lehenengo saioa bi taldetan banatuta egin zuten; alde batetik, euskal hiztunak; eta bestetik, erdal hiztunak eta euskaraz gutxixeago dakitenak.

Euskal hiztunen taldeak seme-alabek lagun artean erdaraz dihardutenean euskaraz egitera bultzatzeko hartu daitezkeen bideen inguruan jardun zuten: zela hurreratu, zein jarrerarekin.... Guraso erdaldunek, berriz, euskarazko esalmoldeekin jolasean jardun zuten eta, “gutxi bada ere, berba batzuk euskaraz egiteak duen garrantziaren” mezua barneratzen jardun zuten.

Guraso Berritsu tailerraren bigarren saioa zapatu honetan egingo dute, goizeko 10:30etik 12:30era bitartean, Antzokian. Izen-ematea itxita dago baina interesa izanez gero jo parte hartzaileren batengana.