Bilbo izango da "turismo joera handiko eremu" izendatu eta merkataritza ordutegiak erabat liberalizatuta izango dituen Hego Euskal Herriko lehen hiriburua. Eusko Jaurlaritza hiriburuetara ez ezik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietara liberalizazioa noiz eta nola zabaldu aztertzen ari da. Turismo joera handiko eremuaren izendapena eskatu ahal izateko baldintzen lege aurreproiektua aurkeztu dute eta orotara zazpi jaso dituzte: interes kulturala duten eraikinak izatea, kirol edo kultura ekintza handiak egitea edota ostalaritza edota zerbitzu ugari eskaintzen dituen herria izatea, esaterako. Hartara, legearen birmoldaketa onartzen bada, izendapen hori jasotzen duten guneetako saltokiek 2015etik aurrera euren ordutegiak nahierara antolatzeko aukera izango dute.
Merkatariak kexu dira
Dendartea (Gipuzkoako merkatarien elkartea) ordutegien liberalizazioaren aurka agertu da eta herriz-herri sinadura bilketa jarri du martxan. Merkatarien ustez, erabaki honek "establezimendu handietan asteburuetako erosketa sustatuko du, denda txikien ixtea eta enplegua galtzea, merkataritzako enpleguen baldintzak okertzea eta zonalde turistiko izendatu ez diren herriak kaltetzea, bertako herritarrak dendak irekita dauden beste herrietara joango direlako". Bizikalek bat egin du sinadura bilketarekin eta elkartea osatzen duten denda eta tabernetan eman daiteke atxikimendua, urriaren 15a bitartean.