Euskararen transmisioa landu nahi duten gurasoendako tailerra

Egoitz Unamuno 2016ko ots. 21a, 10:45

Gurasoei euskararen ikasketa prozesuan seme-alaben bidelagun izan daitezkeela erakusteko tailerra da. Hiru saio eskainiko dituzte otsaila, martxoa eta apirileko zapatu goizetan.  Izen-ematea zabalik dago martitzenera arte.

Guraso berritsu tailerra 5-9 urteko bitarteko seme-alaben gurasoei zuzenduta dago eta Iñaki Eizmendi gizarte-hezitzailea izango dute gidari. Bere esanetan, “helburua da seme-alabei euskararen ikasketa eta erabilera prozesuan lagundu nahi dieten gurasoei irizpideak eskaintzea. Saioetan ikasiko dugu seme-alabei laguntzeko zer egin dezaketen guraso euskaldunek zein euskaldunak ez direnek. Hizkuntza ohiturei buruz hitz egingo dugu eta hizkuntzarekin jolas egin ere bai. Hainbat dinamika eta ariketa egingo ditugu, modu atsegin eta parte hartzailean”.   

Hiru saio

Bi orduko iraupena izango duten hiru saio izango dira denera: otsailaren 27an, martxoaren 12an eta apirilaren 9an. Saioak goizeko 10:30etik 12:30era bitartean egingo dira kiroldegiko antzokian. Izen-ematea debaldekoa da eta ikastetxean bertan egin behar da. Epea zabalik dago otsailaren 22ra arte (ez da derrigorrezkoa saio guztietan parte hartzea, norberak aukera dezake zenbat saiotan parte hartu).

Tailerra Guraso euskalzaleen batzordeak antolatu du. Talde hau duela hilabete batzuk sortu zuen guraso talde batek, gaztetxoen eta ggurasoen artean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin.

 

 

 

Erlazionatuak