Ertzaintzako bi kide, udaltzainburua eta alkatea bertan zirela hasi zen atzoko hitzaldia. Alkateak eskerrak eman zizkien hurreratu ziren herritarrei eta hitzaldia azkenaldiko lapurretek herritarren artean sortu duten kezka dela eta antolatu zutela adierazi zuen. Ordubete inguru iraun zuen hitzaldian eta Ertzaintzak datuen irakurketa egin eta aholkuak eman ostean, hainbat herritarrek euren ezinegona agertu zuten. Hitzaldia euskaraz eta erdaraz eskaini zuten.
Delinkuentzia indizea bajua da
Ertzaintzako bi agenteek herriko delinkuntzia indizea bajua eta larritzeko moduko kasurik gertatu ez izana azpimarratu zuten hitzaldian. Soraluze eta inguruetan lapurretez gain beste delitu motarik ez izatea ere datu esanguratsua dela adierazi eta lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuten herritarren aurrean.
Azken hilabeteotan gertatu diren lapurretei dagokienez, "kopuru horiek ez direla ohikoak bihurtuko" aipatu zuten eta alarma soziala ez aregotzearen garrantziaz ohartarazi zuten. Azkenik, herritarrei "begiak zabalik" izateko eta susmagarri den edozer ikusiz gero zuzenean Ertzaintzari jakinarazteko deia zabaldu zuten.
Herritarren ezinegona
Hainbat herritarrek adierazi zuten ez direla "seguru" sentitzen eta horren aurrean Ertzaintzari herrian "presentzia handitzeko" eskaera egin zioten. Horren aurrean, Ertzaintzako agenteek adierazi ez zuten presentzia areagotzea ez dela lapurretak eragozteko modurik eraginkorrena "lapurrek agenteen errondak ikasten dituztelako" eta funtsezko elementua herritarren lankidetza dela azpimarratu zuten beste behin.