“Mendigoizalearen gailurra bere etxea da” Felipe Uriarte

Gaizka Azkarate 2016ko ots. 11a, 11:46

Felipe Uriartek (Pasaia, 1944) mendizaletasunaren inguruko hitzaldi mamitsua eskaini zuen atzo gaztetxean. Mendigoizaletasunaren historiarekin hasi eta heriotzak duen garrantziaren berri emanez amaitu zuen bi orduko hitzaldia. 30 lagun inguru izan zituen entzule. 

Berarentzat mendizaletasuna zer den azaldu zuen Felipe Uriartek eta kanpalekuetan bereiztu zuen hitzaldia: Mendigoizaletasunaren historia, garapena, segurtasuna mendian, elkartasuna, aurrezaintza, mendizaletasuna komunikabideetan, emakumeak mendian eta herioa.

Mendigoizaletasunaren historia
“Hor goian ez du haizeak jotzen” Homero Greziarraren hitzekin hasi zuen kanpaleku hau eta ondoren erromatarrak, erdi aroa  eta errenazimendurainoko ibilbidea egin zuen. "Britaniarrak izan ziren mendizaletasuna asmatu zutenak eta mendizaletasuna kirol bezala ezarri zutenak". XIX. hamarkadan Mummeri ikerlariak ezarri zituen gaur egun oraindik mantentzen diren mendizaletasunaren etika eta arauak: gardentasuna, egia, elkartasuna, zintzotasuna eta berdintasuna.
Mendigoizaletasunaren garapena eta espezialitateak
Felipek bi bereizketa egin zituen kanpaleku honen hasieran; alde batetik mendizalea, inguruko mendietan aritzen dena, eta bestetik mendigoizalea, mendi handiagoetan jardutea nahiago duena. Ondoren beste zaletasun batzuen sorrera nabarmendu zuen: eskiatzaileak, alpezaleak, eskalatzaileak, Himalaya.zaleak... hau da, espezializazioak. Aipatzen zuen honek mendiak kirol-zelai bihurtzea ekarri zuela.
Segurtasuna mendian
Mendira goazen unetik etxera heltzen garen arte ondoan daukagun lagun edo taldeari zor dioguna da elkartasuna. Hari ikustezin hori apurtzen bada, bizitza galtzeko aurriskuan egongo garela esan zuen Felipek; “laguna inoiz ezin da atzean utzi, ahulak duelako elur azpian geratzeko aukera gehien”. Gailurrarekiko gehiegizko miresmenak ere berba egin zuen: "mendigoizalearen lehen gailurra norbere etxea da eta bestea bigarren maila baten laga behar da".
Prebentzioa
Kritiko azaldu zen Felipe kanpaleku honetan. Bere lagun-min Benantxio Iruretaren istripua aipatu zuen (kranpoiak kentzeagatik eta laguna atzean utzi zuelako amildu zen Anetotik behera) eta aitortu zuen urteak daramatzala istripuak aztertzen "nahiz eta benetan egin beharko litzatekeena mendizale aditu talde bat sortzea litzatekeen, istripuak zergaitik gertatzen diren aztertu eta informazio hori herrietako mendi-talde guztien eskura jarri ahal izateko".

Mendigoizaletasuna komunikabideetan
Tamala bada ere, komunikabideek mendigoizale gazteren bat mendian hiltzen denean besterik ez dutela arreta jartzen esan zuen Felipek. “Mendizaletasun mota bat bakarrik ulertzen dute komunikabideek; lasterketa eta ez dute gure betiko mendizaletasuna ulertzen”.
Heriotzaren tratamendua
Errespetu handiz lantzeko gaia dela esan zuen eta komunikabideek min handia egiten diotela mendigoizaletasunari gai honekin. “Maite zuen mendian hil zen”, “Maindire txuri eder batek estalita hil zen berak nahiko lukeen bezala”. Horrelakoek entzuteak asko beldurtzen dutela aitortu zuen eta gaur egun komunikabideek duten influentzia maila zein den ikusita, kontu handiz lantzeko gaia dela esan zuen.