4.146.622 euroko aurrekontua onartu du udalbatzarrak

Egoitz Unamuno 2016ko urt. 28a, 00:41

Aurtengo aurrekontuak iazkoak baino 800.000 euro gutxiago izango ditu eta inbertsioetarako izango diren 225.000 euroak egitasmo “txikietara” bideratuko dira. Aurrekontua EAJren eta PSE-EEren aldeko sei bozkarekin onartu da. EH Bilduk bi abstentzio eta kontrako bi bozka  eman ditu. 

Gasteizen izandako eraso matxista gaitzetsiz eta eguen arratsalderako deituta dagoen elkarretaratzean parte hartzera dei egiten zuen adierazpen instituzionala irakurriz hasi da udalbatzarra. Ohiko puntuak bozkatu eta gero heldu diote eguneko gai nagusiari: aurrekontuaren onarpenari.

Udal gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EEren sei zinegotzien aldeko bozkekin onartu dira aurtengo aurrekontuak. EH Bilduk bi abstentzio eta kontrako bozka bi eman ditu bozketan.

Egitasmo “txikien” aurrekontua

Alkateak adierazi du “iazko ildoari jarraipena ematen dioten aurrekontuak” direla, “estruktura eta diru-laguntzak” bere horretan mantentzera bideratutakoak eta “Alkarrekinen zehaztutako oinarrizko egitasmoak” jasotzen dituena. Aurten mailegurik ez da eskatuko eta inbertsioetarako 225.000 euroak egitasmo “txikietara” bideratuko dira, azkenengo hilabeteetan ahotan izan diren irisgarritasun lanak ez egitea erabaki du udal gobernuak udalak duen baliabideak mugatuak direlako.

Inbertsio nagusiak ondorengoak izango dira:

- 36.300 € Olaldeko hirigintza plana erredaktatzeko.

- 23.000 € Baserritarrek egindako eskaerei erantzuteko.

- 19.000 € Karpa ekimen estalietan erabiltzeko.

- 19.000 € Ikastetxearen sarrerako estalpea luzatzeko.

- 16.772 € Hezkuntza proiektuarekin jarraitzeko.

- 15.000 € Kiroldegian inbertitzeko: itoginak, desfribiladorea, gimnasioa…

- 15.000 € Etxebizitza plana (EH Bilduren eskaria).

- 10.000 € Smarth proiektua (EH Bilduren eskaria).

- 10.000 € Futbol zelairako kautxoa.

- 6.000 € Antzokia egokitzeko.

- 5.710 € Udaltzaingoaren komunikazioa hobetzeko.

- 4.000 € Industria eta mertaritza gida.

- 3.000 € Bidegorrian bizikletak garbitzeko makina (EH Bilduren eskaria).

Horrekin batera, udal-gobernuak beste bi ekimen nabarmendu ditu, “sinbolikoki”  duten garrantziagatik. Batetik, bizikidetza lantzeko izendatu den 1.000 euroko diru-partida, Aldundiak zabaldu duen dirulaguntza ildoarekin osatu ahalko dena, herrian arlo honetan balizko ekimenen bat gauzatu ahal izateko, eta, bestetik, udal langileen soldata %1 igotzeko gorde diren 11.000 euroak, EH Bilduk eta EUDELek egindako eskaerei erantzunez.  

EH Bilduk bi abstentzio eta bi kontrako bozka

EH Bilduk ezohiko bidea  erabili du aurrekontuak bozkatzeko momentuan, bi bozka abstentziora bideratu ditu eta beste biak kontrako bozka ematera (Lorea de Castro EH BIlduko zinegotzia ez da udalbatzarrean izan). Unai Larreategik adierazi du euren jarrera adierazteko modurik egokiena dela iritzita, euren bozkak erabakigarriak ez direlako erabaki dutela modu horretara jokatzea. Abstentzioarekin EH Bilduk proposatutako zenbait inbertsio adosteko Udal Gobernuak erakutsi duen jarrera eskertu nahi izan dutela azaldu du Roke Akizuk, eta kontrako bozkak berriz, alkatearen “gehiegizko” soldatarekin eta udal gobernuaren “kudeaketarekin” ados ez daudelako eman dituztelaesan du Unai Larreategik.  

Aurrekontuen bozketaren aurretik EH Bilduk alkatearen soldatari “exageratua” 4.000 eurotik 2.000 eurora murriztea proposatu dio udal-gobernuari, 30.000 euroko soberakina beste egitasmo batzuetara bideratzeko proposatuz: “20.000 euro garapen ekonomikorako eta 10.000 euro parkeak eraberritzeko bideratu ahalko lirateke”  adierazi du Unai Larreategik. Alkateak “demagogia” egitea egotzi dio EH Bilduri eta “alkatearen 24 orduko dedikazioari dagokion neurriko soldata” dela aldarrikatu du. Ostean Udal gobernuaren kontrako sei bozkek atzera bota dute EH Bilduk bozkatzeko zatikako emendakin moduan aurkeztu duen proposamena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.