“Txoriak bezala hegan egitea zen nire ametsa” Iñigo Gabiria

Gaizka Azkarate 2016ko urt. 21a, 17:52

 Iñigo Gabiria (1970) Elorriotarra, suhiltzailea eta parapentelaria Gaztetxean egon zen hegan egiten daramatzan 25 urteotan bizitakoei buruz hitz egiten eta jasotako irudiak erakusten. Ezagutu dezagun sakonago Iñigo [Elkarrizketa] Antolatzailea: Mendi Taldea

Iñigo Gabiria parapentelaria izan zen atzo Soraluzeko Gaztetxean. Solasaldia hiru ikus-entzunezkorekin osatu zuen eta bideo bakoitzaren tartean entzuleen galderei erantzuten eta hauen jakinmina asetzen ahalegindu zen. Lehenengoan "Parapentea eta ni" pertsonalki berarentzat parantea zer den azaldu zuen. Bigarrenean "Belagua 2015" 100 parapentelari baino gehiagoren topaketa erakutsi zuen. Hirugarrenean "Red Bull X-Alps" 2013. urteko lasterketako bizipenak ikusteko aukera izan zuten bertaratukakoek.

Iñigo Gabiria (1970) Elorrio, 25 urte parapenteari lotuta

2011.urtean 2.postua parapente Espainiko txapelketan klubetako mailan. 2012an X-PyR lasterketako garaile eta 2013an Red Bull X-Alps lasterketan parte hartu zuen munduko 32 parapentelari onenekin batera. Bere ametsa egi bihurtzea lortu duen pertsona bat bezala definitzen du bere burua Iñigok.

Nondik datorkizu hegan egiteko gogoa?

Umetatik mendian asko ibilitakoa naiz eta nere buruari beti galdetzen nion ea nola ikusiko zen mendia zerutik, txori bat bezala hegan eginda. Beti izan dudan amets bat izan da, ez zitzaidan inporta zein modutara baina hegan egitea nahi nuen,azkenean egi bihurtu nuen ametsa. Hegan egiten zaudenean naturaren parte sentitzen zara.

Nola ikasi zenuen parapentea pilotatzen?

Hegan egiteko grina genuen bi lagun elkartu ginen baina ez genuen dirurik momentu horretan, beraz, nire lagunak ikastaroa egin zuen eta berak ondoren niri erakutsi zidan ikasitakoa, “ikastaro paralelo” bat modukoa izan zen kar-kar-kar.

Nolakoa da parapentearen egoera kirol munduan?

Parapente ez da ezaguna eta informazio falta handia dago. Jendeak uste du kirol arriskutsua dela eta errespetu handia sortzen dio jendeari hegan egiteak. Momentu honetan oso kirol minoritarioa da, ez dauka laguntza ekonomikorik, lehiaketek ez dute jarraipenik komunikabideetan.. Zoritxarrez istripurenbat gertatzen denean bakarrik agertzen da parapentea komunikabideetan eta honi aurre egiteko lanean gabiltza parapentelariak.

Nolako prestakuntza eskatzen du kirol honek?

Fisikoki ez duzu ezer behar, jakin beharrekoa batez ere metereologiari buruzkoak dira. Parapentea pilotatzea oso erraza da, konplikatuena baldintza onak eta txarrak noiz dauden identifikatzea dela esango nuke baina hori esperientziak ematen dizu beste edozein kirolean bezala.

Zerk mantentzen du goian parapentelaria?

Guk saiak bezala egiten dugu hegan. Termikak behar ditugu goian mantentzeko, termikak korronte beroak dira lurretik irteten direnak eta goruntz doazenak. Korronte horien barruan sartzen gara goian mantendu eta aurrera joateko.

Nolakoak izaten dira parapenteko lehiaketak?

Lehiaketetan ibilbide bat markatzen da eta zuk ibilbide hori zeharkatu behar duzu nahi duzun lekutik baina derrigorrez igaro beharreko puntu batzuetatik igarota eta hori GPS bidez kontrolatzen dute.

Zein izaten da zure helburua lehiaketetan?

Nik hegan egiten izugarri gozatzen dut eta orduan nire helburu nagusia gozatzea izaten da. Momentu honetan lehiatzen jarduten dugunak ez gara asko eta denok oso harreman ona daukagu “camaraderia” handia dago pilotuen artean.

2013an Red Bull X-Alps lasterketan izan zinen munduko 32 parapentelari onenekin lehiatzen, nolako esperientzia izan zen hura?

Izugarria izan zen, proba horretan parte hartzea bakarrik ia ezinezkoa den zerbait da eta oso pozik nago bertan egon nintzelako. Proba honek mendia eta parapentea konbinatzen ditu eta Salsburgotik Monakora dauden 1031km-ak zehartzea du helburu. 2012. Urtean pirineoetan mendia eta parapentea konbinatzen dituen proba bat irabazi nuen (Hondarribitik mediterraneora 450km ) eta hori izan zen Red Bull-ekoek ni probara gonbidatzearen arrazoi nagusia.

Zer da garrantzitsuena horrelako proba baterako?

Mentalki horri aurre egiteko prest egotea ezinbestekoa da. Proba oso gogorrak dira, hegan eta korrika egiteko goizeko 5:30etatik gaueko 22:00etarako tartea daukazu eta egun batez ez zara geratzen beraz fisikoki gai izan arren mentalki gogorra izan behar zara ez duzulako ia lorik egiten probak irauten duen denbora tartean.

Interesa piztu zaionari zer esngo zenioke?

Nere ustez hegan egiteko interesa beharrezkoa da eta ez moda bati jarraitzeagatik egitea. Behin gogoa izanda erreza da; ikastaroa egin behar da eta ondoren inguruko parapentistekin ikasten zoaz. Euskal herrian klub asko daude, guk Elorrixon taldea daukagu, Arrasaten ere badago taldea, Donostian, Bilbon....badago aukera.

Etorkizunera begira zer daukazu esku artean?

2016eko udan pirineoetako lasterketa ospatuko da eta hirugarren aldiz egingo dut. 2015an Alpeetakoa ospatu zen. Bi lasterketa hauek bi urtetik behin egiten dira urte berean biak batera ez tokatzeko. Eta nola ez, gustatzen zaidanarekin disfrutatzen eta gozatzen jarraitzea da etorkizuneko helburu nagusia.