Plaentxia.eus berritua eta hobetua

Erredakzioa 2015ko abe. 25a, 20:59

Urte berriarekin batera plaentxia.eus webgune berria estreinatuko dugu, bizkorragoa, txukunagoa eta erabilterrezagoa. 

Tokikomek, euskarazko tokiko komunikabideen bateraguneak, tokiko hedabideendako bereziki landutako plataforma da ezarri duguna eta hemendik aurrera plataforma digitaleko kide izango da Plaentxia.eus, beste hainbat hedabiderekin batera. 

Baliteke lehenengo egunotan webguneari egokitzapenen batzuk egin behar izatea hori dela eta, pazientzia pixkat eskatzen dizuegu.

Webgune komunitariorantz

Plaentxia.eus-en Komunitatea izeneko atala sortu dugu eta dagoeneko herriko 30 talde eta erakunde baino gehiagok erabiltzen dute euren jardunaren berri herrian zabaltzeko. Plataforma berriak erraztasun handiagoak emango dizkie komunitateko kideei informazioa jasotzeko eta gainera, agendan euren ekimenen berri zuzenean argitaratzeko aukera ere izango dute. Datozen egunetan plataforma berria erabiltzeko trebatuko ditugu dagoeneko kide diren taldeetako ordezkariak eta komunitatera kide gehiago txertatzen jarraituko dugu. Helburua, herritarrei euskarazko informazioa helaraztea, beste inork baino modu osatuagoan eta azkarragoan.
Blog-komunitatearekin batera, edozeinek edozein albisteren inguruko iritzia eman ahal izango du, orain arte baino modu erosoagoan. Jendearen iritzia jaso ahal izateko "Inkesta" izeneko atala ere laster aktibatuko dugu. Bestalde, herriko komertzio, enpresa eta elkarteen gida osatzen dihardugu eta otsailaren amaierarako sarean ikusgai izatea aurreikusten dugu.  

Puntako teknologia

Aurten 9 urte beteko ditu herriko euskarazko webguneak. Ibilbide horretan pixkanaka ezinbesteko komunikabide bihurtuz doa soraluzetarren egunerokoan. Baina Internet eta mundu digitala aurrera doaz, sekulako abailan, eta etengabe berritu beharra dago sortzen zaizkigun premia berriei erantzun ahal izateko. Erritmo horri eustea erronka gero eta handiagoa da Plaentxia.eus eta gainontzeko toki hedabideentzat. Horregatik, indarrak batzeko Tokikom sortu genuenean erabaki genuen proiektu estrategikoa zela Interneten beti aurrean egotea ahalbidetuko zigun plataforma bat sortzea. Plataformarekin bat egiten duen hamabosgarren hedabidea izango da Plaentxia.eus, eta 2016an zehar gehiago izango gara. Horri esker, aurrerantzean talde indartsu bateko kide izango gara, etengabe berritzeko gaitasuna izango duena, gure erabiltzaileen premiei aurre hartzeko gai izango dena, eta inbertsioak elkarrekin egingo dituena.

 

 

Erlazionatuak

%125eko igoera urtebetean

Erredakzioa 2016 urt 11 Soraluze