Ziurtagirien banaketa ekitaldia Gasteizen egin zen atzo eta bertan izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakaria; Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Confebaskeko presidente Ramon Larrañaga.
Bikain Eusko Jaurlaritzak duen ziurtagiria da eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Ziurtagiria jasotzeko ebaluazio bat pasa behar da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu:
- Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
- Kanpo harremanak
- Barne harremanak
- Hizkuntza kudeaketa
Pil-pilean Euskara Elkarteak goi mailako puntuazioa jaso zuen egindako kanpo ebaluazioan eta hori aitortzen duen urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen.
Guztira 65 ziurtagiri banatu dira aurten eta aurreko urteekin alderatuta sekulako jauzia izan da, orain arteko media 28 ziurtagirikoa baitzen urtero.
Lau soraluzetar ekitaldian
Pil-pilean herri komunikabidearen zuzendari moduan joan zen Egoitz Unamunorekin batera herritar gehiago ere izan ziren ziurtagiri banaketaren ekitaldian: Lino Alberdi Soraluce kooperatibako presidente moduan, Lierni Santamaria Zumaiako Otezuri egoitzako ordezkari moduan eta Izaskun Oregi Osakidetzaren ordezkari gisara. Hiru erakundeok zilarrezko ziurtagiriak lortu dituzte euren jardunean euskararen erabilera sustatzeari begira izan dituzten lorpenengatik.