Sahararren askatasun irrintzia plazara, entzun nahi duenarendako

Erredakzioa 2015ko eka. 10a, 13:11

Sahara 1Ekainaren 9a egun seinalatua da saharar herriarendako, Saharar Errepublika demokratikoaren fundatzailea eta lehen presidentea izan zen Mustafa Lualiren heriotza -1976an borrokan hil zuten- gogoratzen duen eguna delako. Egun hori "askatasunaren alde hildako borrokalariak omentzeko egun moduan" izendatua dute. Atzo Soraluzen batu ziren euskal lurralde guztietatik etorritako familia sahararrak, ospakizunaren bitartez elkarrekin saharar herriaren egoera azaldu eta askatasuna aldarrikatzera. Ikusi argazki albuma.

Sahara 24Sahararrek aldarrikapena eta jaia uztartu zituzten atzo Plaza zaharrean egin zuten ospakizunean. Saharar herriak Marokoko erreinuaren aldetik jasaten duen errepresioaren berri emateko erakusketa eta bideoa jarri zituzten ikusgai. Bertan kontatzen zuten Espainiak sahararrekiko izan duen jokabidea: lehenik 1975. urtean bere kolonia zen saharar lurraldea Maroko eta Mauritaniaren esku abandonatuz -saharar herriari behin eta berriz babestuko zituztela agindu arren- eta berrogei urtetan ezikusiarena eginez ondoren, nazio batuen ebazpen guztiei muzin eginez. Are larriagoa izan da Marokoren jokabidea, zeinak sahararren lurraldea bi zatitan bereiztu zuen eta Mendebaldeko Sahara guztia inguratzen duen harresia eraiki zuen 1983an - Lotsaren harresia moduan izendatzen dena - , honen inguruak pertsonen kontrako minaz josita gainera. Honek ere ezikusiarena egin die Nazio batuen erakundeak behin eta berriz giza eskubideen aurkako jarduna bertan behera laga dezan egindako eskariei.

Sahara 20

Bakebidea agortzen
Mohamed Salem gazteak azaldu zigun gaur egunean bizi duten egoeraren berri. "Gure herria zatituta dago, batzuk okupatutako lurraldeetan bizi dira, Sahara Mendebaldean eta beste batzuk liberatutako lurraldean eraikitako kanpamenduetan, basamortuan. Atzerrira joan behar izaten dugu atzerriko naziotasuna lortu eta elkar ikusi ahal izateko. Bitartean gure lurraldearen aberastasun guztia esplotatzen dihardute: fosfatoa, arrantza... ezagutzen ez ditugun baina existitzen direla badakigun ezkutuko hitzarmenen bitartez. Orain urte batzuk bakebideari heltzeko eskatu ziguten, erreferenduma egingo zen promesarekin eta bakebideari heldu genion, baina urtean aurrera doaz eta ikusten dugu ez dela ezer egiten. Kanpamenduetan egoera gero eta etsigarriagoa da, gazteek formazio handia dute eta konturatzen dira basamortuan ez dutela etorkizunik. Armak hartu eta gerrari ekiteko asmoa gero eta zabalduago dago, eta ez dakit noiz arte eutsi ahal izango diogun. Orain esaten digute beste gatazka batzuk lehentasuna dutela, gertaera odoltsuagoak eta larriagoak daudelako. Zer esan nahi dute horrekin, hildakoak behar ditugula egoera konponbidean jartzeko? Jarrera horrekin gerrara bultzatzen gaituzte. Idea bat egiteko, orain hilabete batzuk Nazio batuen erakundeak giza eskubideen inguruko jarraipen zorrotzagoa egiteko eskumena aitortzeko eskaera egin die erakundeak biltzen dituen estatuei, baina Espainiak, Estatu Batuek eta beste herrialde boteretsu batzuek kontra bozkatu dute. Zela ulertu behar dugu hori? Guk ez dugu gerrara joan nahi baina argi daukagu bakearen bidez ezin bada, armak hartuko ditugula legitimoki gureak diren lurrak berreskuratzearen alde. Gainerakoan, benetan laguntzen gaituzten herrialde, pertsona eta alderdiengan dago gure itxaropena; Espainiako estatuari dagokionez, batez ere Euskal Herrian eta Katalunian.".

Sahara 12Soraluzeri eskerrak

Arratsalde erdian, Numak, Soraluzen bizi den neska gazte sahararrak azken berrogei urtetan bere herriak jasan duten errepresioa salatu eta saharar herriaren askatasuna aldarrikatzen zuen testua irakurri zuen mikrofonotik, bertan batutakoen irrintzi eta txalo zaparraden artean. Soraluzeko herriari eta udalari ere eskerrak eman zizkion, ekitaldia antolatzen emandako laguntza eskertuz. Hiart Arluziaga alkateak ere hartu zuen hitza, "saharar herriari eta bere borrokari babesa adierazi" eta bide horretan jarraitzeko "animoak" emanez.

Sahara 22

Amaiera dantzan
Ospakizunerako tartea ere hartu zuen eta bertan elkartu ziren familiak eta adin guztietako herrikideak elkarrekin tea hartu eta dantzan egiteko aukera izan zuten. Haimak jarri zituzten tea hartzeko eta euren artean sona handia duen kantari batek kantu eta dantza saioa eskaini zuen. Azkenean ume eta heldu, emakumezko eta gizonezko, elkarrekin dantzan eginez amaitu zuten ospakizuna, berrogei urteko egoera neketsuari alaitasunez eta ilusioz erantzutea posible dela erakutsiz.