Kirol ikastaroetako erreserbak kudeatzeko aplikazioa atera du Arane Udal Kiroldegiak

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2025eko abenduaren 17a

Arane Udal Kiroldegiak mugikorretarako aplikazioa atera du padeleko eta kirol ikastaroetako erreserbak kudeatzeko.

Soraluzeko Arane Udal Kiroldegiak padel pistako eta kirol ikastaroetako erreserbak kudeatzeko mugikorretarako aplikazioa atera du. Joan den ikasturtetik martxan den tarifa finkoak erabiltzaileei eskaintzen dizkien onurak modu erraz eta ordenatuan kudeatzeko tresna izango da aplikazioa. Izan ere, tarifa finkoarekin, ikastaro batean izena emanda, beste edozein ikastarotara joan ahal izango da erabiltzailea, beti ere lekua baldin badago.

Funtzionamendua

Aplikazioan erabiltzaile bakoitzaren erreserbak agertuko dira, izena emandako ikastaroko saio guztiak, alegia. Erabiltzaile bakoitzak aplikazioaren bidez adierazi ahal izango du hurrengo hiru egunen baitako saioren batera joan ezin bada, eta bere lekua libre geratuko da beste erabiltzaileren batentzat.

Halaber, izen emanda dagoen ikastarotik aparte, besteren batera ere joan nahi duen erabiltzaileak hurrengo hiru egunetako leku libreen artean aukeratu ahal izango du. Leku librerik ez badago ere, itxaron zerrendan jar daiteke, eta izen-emate hurrenkeraren arabera jasoko du lekua lortu duela dioen mezua. Kasu horretan, ordubeteko epean erantzun beharko du erreserba baieztatu nahi duen; erantzun ezean, itxaron zerrendako hurrengo pertsonari emango zaio leku librea.

Padeleko erreserbak urtarriletik aurrera

Padeleko erreserbak egin daitezke dagoeneko, baina urtarrilaren 7tik aurrerako egunetarako. Aurretiko egunen abterako erreserbatu nahi izanez gero, orain arteko moduan, kiroldegiko harreran egin beharko da. 

Aurrerantzean, padeleko pista aplikazioaren bitartez erreserbatu beharko da, eta hilabeteren barruko erreserbak egin ahal izango dira. Esate baterako, erabiltzaile batek urtarrilaren 7an egingo balu erreserba, urtarrilaren 7tik otsailaren 7ra bitarteko egun eta orduan izango ditu erreserbatzeko.

Erregistratu eta aplikazioa deskargatu

Aplikazioa erabili ahal izateko Soraluzeko Arane Udal Kiroldegiko erabiltzaile gisa erregistratu behar da lehenengo. Horretarako, esteka honetan klik egin behar da: erregistroa.

Ondoren, playstore edo appstore atarietatik aplikazioaren deskarga egin daiteke.

Aplikazioarekin arazo edo zalantzaren bat izanez gero, Arane Udal Kiroldegiko harrerara jo daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.