Barixaku honetan, urriaren 31an, ospatuko da Gaba Baltza herrigunean. Joan den igandean hasi ziren prestaketak tailerrekin, baina ekimen nagusia barixakuan egingo da, urriko azken egunean; izaera komunitarioa, euskalduna eta naturarekiko lotura indartzea helburu dituen egitarau berezi batekin. Garai batean ohitura zen moduan, gure hildakoekin gogoratu, naturarekin bat egin eta beldurrak eta barreak elkarrekin nahastea da xedea.
Egunaren prestaketan Aisialdia elkarrekin lan-taldea aritu da buru-belarri. Herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatu dute: besteak beste, Pil-Pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Kukumixo Aisialdi Taldeak, Parrandan Ludotekak, Gaztelekuak, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteek, Plaentxi Herri Eskolak, Urrats Dantza taldeak, Soraluzeko Musika Eskolak eta Soraluzeko Udalak.
Egitarauaren xehetasunak
Arratsaldetik hasita, hainbat ekintza antolatu dira haur, gaztetxo eta familientzat. Iluntzeko seiak jota hasiko da ibilbide misteriotsu ez-beldurgarria Plaza Barrixan. Eskolan eta joan den domekako tailerretan egindako apaingarriekin atonduta egongo da ibilbidea eta bertan, hainbat ezustekoz gozatzeko aukera egongo da. Beldurrak eta kezkak sutan errez eta gaztainak janez emango zaio amaiera ibilbideari.
Ondoren,denda eta tabernetan eskean ibiltzeko tarte librea izango da, eta egitarauari amaiera emango zaio Lekittoko Deabruen Akelarre pirotekniadun antzerki-ikuskizunarekin.
Antolakuntzak herriko haur eta gaztetxoak animatu nahi ditu beraiek sortutako mozorroak janztera, baita gurasoak ere, etxeko trapu zaharrekin mozorroak sortzera.
Honakoa izango da egitaraua:
- 18:00 ibilbide misteriotsua, Plaza Barritik hasita.
- Bukaeran, sua, kantua, gaztaina jana…Plaza Barrixan.
- 19:00 denda eta tabernetan eskean aritzeko tarte librea.
- 20:30 Lekittoko Deabruak taldearen Akelarre ikuskizun piroteknikoa, Plaza Barritik hasita.

Segurtasun gomendioak
Lekittoko Deabruen Akelarre kale-antzerkiaz gozatzekohainbat aukera ezberdinak egongo da: su azpian jolas egin ahalko da edo ikuskizuna gune seguruetatik ikusi (gune seguruak izango dira Plaza Berri gaineko balkoia, kontzejupea eta Plaza Zaharreko terraza ingurua).
Ikuskizunean parte hartzen ibili nahi duenak, pirotekniaren azpian, alegia, arropa egokia eramatea gomendatzen da (arropa zaharrak, txanoa, arropa bakeroa, praka luzeak, zapia…). Horretaz gain, Zubi Nagusiko, Kalebarreneko eta Plaza Zaharreko bizilagunei 20:00-22:00ak bitartean eskegitako arropak kentzea eta leihoak ixtea gomendatzen zaie.
Liburutegian eta egoitzan ere, Gaba Baltza
Gaba Baltzerako antolatutako ospakizun eta ekintzekin bat eginez, udal liburutegiak gaiari lotutako liburuen interesgunea prestatuko du, bai eta heriotza duinari buruzkoa ere.
Mesedeetako egoitzan ere landuko dute gaia haien egitarau propioarekin.