Soraluzen erroldatutako pertsonek izena eman ahal izango dute Debemenek egingo duen kontratazio multzoan. Deialdia Lanbidek diruz lagundutako LARK 2024-2025 proiektuaren baitan txertatzen da: peoi balioanitz kontratatzeko enplegu-deialdia kalteberatasun- edo bazterketa-egoeran dauden pertsonentzat.
Baldintzak betetzen dituzten pertsonek Lanbideren Elgoibarko bulegoan eta online eman dezakete urtarrilaren 27ra bitarte.
Zortzi peoiren kontratazioa
Zortzi peoi balioanitz kontratatuko dira sei hilabetez %75eko lanaldian eta %25eko prestakuntza-formakuntzarekin. Soldata gordina 1.300€koa izango da eta aurreikusten da otsailaren 17an hasiko liratekeela lanean langile berriak.
Hauexek dira langileek egin beharko dituzten zereginak:
- Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba, Itziar eta Mutrikuko udalerrietako berdeguneak egokitu eta edertzea.
- Elementu txikiak eta ondasunak konpontzea.
- Lorezaintzako eta igeltserotzako oinarrizko lanak.
- Espazio publikoak eta bideak mantentzea eta garbitzea.
- Naturaren kontserbazioa: zuhaitz-masak eta ibaien garbiketa.
Lan-deialdian izena emateko baldintza hauek bete beharko dira:
- Soraluzen, Elgoibarren, Mendaron, Deban edo Mutrikun erroldatuta egotea.
- Eskaintzan izena emateko unean eta kontratua egin aurreko egunean langabezian egotea.
- Kalteberatasun-egoeran edo bazterketa-egoeran egotea.
- COLVU eta/edo CATP 2023-2024 programetan parte hartu ez izana.
-
Adierazitako zereginak betetzea eragozten duen ezintasunik edo bestelako eragozpenik ez izatea.
Izen-ematea
Enplegu-formazio deialdian izena emateko epea zabalik egongo da urtarrilaren 27ra arte. Horretarako bi bide egongo dira:
- Elgoibarko Lanbideren bulegoan, astelehenetik barixakura 8:30 - 14:00 bitarte.
- Online, Lanbideren webgunean.