Kirol Mahaiak antolatuta, San Silbestre lasterketa herrikoi eta ez lehiakorra egingo da bihar, urteko azken egunean. Lasterketaren heldurua urtea kirola eginez eta ondo pasaz amaitzea da eta antolatzaileek soraluzetarrak animatzen dituzte parte hartzera; baita mozorrotuta parte hartzera ere.
Ibilbidea
Txuritxu gozotegiaren parean hasiko da lasterketa eta herriguneari bost itzuli emango zaizkio, lau kilometro osatzeko: udaletxe aurretik igaro eta Gabolatseko zubira, zubia igaro, kiroldegi aurretik pasa eta Zubi Nagusia igarota, berriz, Gabolatseko zubira. Amaiera, eguraldiaren arabera, Plaza Barrixan edo Plaza Zaharreko karpan izango da.
Ez lehiakorra eta neutralizatua
San Silbestre lasterketa herrikoai izango da, eta edonork parte hartu ahal izango du, baita adin txikikoek ere. Dena den, adin txikikoen kasuan, gomendatzen da tutore, guraso edo pertsona heldu batekin batera parte hartzea.
Ez da lasterketa lehiakorra izango eta itzuliak, azkena izan ezik, neutralizatuak izango dira.
Amaieran mokadutxoa
Lasterketaren amaieran salda, txorizoa eta txokolatea banatuko da parte-hartzaileen artean.