Urtarrilean zerbitzu berria jarri zuen abian Soraluzeko Udalak: herritarrek gasaren eta argindarraren kontsumoagatik ordaintzen dituzten fakturen zenbatekoa gutxitzen laguntzeko aholkularitza zerbitzua. Maiatza hasierara arte eman du zerbitzua Energia bulegoak, eta bonu sozial elektrikoaren inguruan edo energiagatik ordaintzen duten fakturen inguruan
informazio bila etorri dira herritarrak.
Hiru hilabetez egon da zabalik Energia bulegoa eta 88 soraluzetarri eman die arreta; 43 erabiltzaile zerbitzu sozialetatik bideratutakoak izan dira eta beste 45 haien kabuz joan dira Kalebarren 8ko lokalera. Horiez gain, Tokiko Energia Komunitatearen inguruan informatzera beste 100 pertsona ere joan dira Energia bulegora. 188 soraluzetarri eman die, hortaz, arreta Energia bulegoak.
Aholkularitza zerbitzuak artatutako pertsona edo familia unitateen %43ri dagokie bonu sozial elektrikoa, 38ri hain zuzen ere. Arreta emandakoen artean zaurgarritasun egoera muturrenekoan bizi diren pertsona gehienak migranteak eta pentsionistak izan dira.
Udalak oso positiboki baloratzen du Energia bulegoaren aholkularitza zerbitzua, bai arreta jaso duten pertsona kopuruaren aldetik, baita gerturatu diren herritarrek energiagatik ordaintzen dutena murriztu dela ikusi dutelako ere.