Atzo, maiatzak 9, asteartea, goizeko 9:30etan, Eskolako Agenda 2030eko udalbatzarra egin zen Soraluzeko Udaletxean. Soraluze BHI ikastetxeko 9 ikasle-ordezkari batu ziren bertan.
Aurtengo ikasturtean energiaren gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 2030 programaren baitan. Egitasmoa Eusko Jaurlaritzak laguntzen du diruz eta ikastetxeek Soraluzeko Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.
Urtean zehar trantsizio energetikoa lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan, besteak beste, energiarekin lotutako irteerak egin dituzte, energia berriztagarrien inguruko tailerrak bideratu dituzte eta energiaren inguruko eskola zein herri diagnostikoak egin dituzte.
Ikasleek Udalbatzarrean aurkeztu dituzte euren eskaera eta proposamenak, herri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten, hainbat konpromiso hartu dituzte ikasleek energia gutxiago kontsumitzeko helburuarekin ohitura aldaketak aurrera eramateko, eta energiaren inguruan antolatutako ekintzetan parte-hartzera ere konprometitu dira.
Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:
- Energia berriztagarriak dituzten eraikinetara bisitak antolatzea
- Garraio publikoa hobetzea eta sustatzea.
- Herriko leku ilunak argiztatzea. Azken hau, 2023-2024 ikasturtean zehar ikastetxeak eta udalak elkarlanean aurrera eramango dute.
Eskolako Agenda 21 Debabarrenean
Udalekin elkarlanean, 20 urte inguru daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 2030 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 2030. Egitasmoak hiru helburu ditu:
- Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
- Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
- Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.
Guztira, 20 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.