Hasiak dira, Soraluzeko Udaleko Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Batzordeak sustatuta, iaz Udalak erosi zuen 25.182 m2-ko Akilar lursailean zuhaitzak landatzeko lanak.
Lan hauek Osuma Basolanak enpresak burutuko ditu eta udalak 25.918,20 euroko inbertsioa burutuko du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen departamentuak emandako dirulaguntzari esker.
Iker Aldazabal alkateak adierazi duen bezala “Soraluze Bizi 2030 ekimen planean jasota dagoen ekintza da hau eta helburua Muskiritzuko mendilerroko natura-eremua eta biodibertsitatea hobetzea izango litzateke bertakoak diren zuhaitz landaketak eginez”.
Balioan jarri, babestu eta garatzeko 239.783 metro karratu
Azken urteetan Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan udalak hamabi lursail erosi ditu, honenbestez, 239.783 metro karraturen jabe egin delarik 86.330,94eurotako inbertsioa burutuz.
Bertako zuhaitzen landaketa
Orain arte egin den bezala lursail honetan ere bertakoak diren zuhaitz landaketak egingo dira.
Landaketa hauen helburua baso mistoa sustatzea eta bultzatzea da, hauek direlarik landatu diren zuhaitz- espezieak: Haritzak, pagoak, astigarrak, lizarrak, urkiak, oilakaranak, otsolizarrak, basagereziondoak, sagarminak, elorriz zuri eta beltzak…
Hauek dira azken urte hauetan zehar Udalak eskuratu dituen lursailak:
- Gizaburuaga izeneko 3 lursaila (33.464 metro karratu), 12.047,02 euroan.
- Idoia-Azkabeitiaburua (26.289 metro karratu), 9.464,04 euroan.
- Mando-Iturri (20.430 metro karratu), 7.354 euroan.
- Askabeitia (20.400 metro karratu), 7.344 euroan.
- Akilar (26.147.07 metro karratu), 9.412 euroan.
- Akilar (25.182 metro karratu), 9.065,52 euroan.
- Pagomunueta (11.899 metro karratu), 4.283,64 euroan.
- Legorretako Etxetxoburua (21.749 metro karratu), 7.829,64 euroan.
- Atxolin ( 37.061 metro karratu), 13.341,96 euroan.
- Atxolinpe ( 17.192 metro karratu), 6.189,12 euroan.