Gaur egungo gizartearen bizi-ohiturek kontsumora garamatzate, eta hori zuzenean loturik dago hondakinen sorrera handitzearekin. Horrekin kontziente izanda, sortzen dugunarekin koherentziaz jokatu behar genuke, eta hortaz, gure hondakinen arduradun izan. Kontrako ekintzek eragin zuzena dute denongan, bai ingurumen aldetik baita ekonomikoki ere.
Soraluzen %49 soilik
Soraluzeko Udalak Debabarrenako Mankomunitatearekin elkarlanean dihardu hondakinen kudeaketa egokia egiteko, baina 2022ko datuei begiratuz, gaikako hondakinen bilketan bilakaera ezegokia ikusi da. Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa tasa %60ean dagoen bitartean, Soraluzen %49 soilik egiten dela ikusi da, azken urteko joera beheranzkoa delarik. Gainera, organikoaren edukiontzian inpropio asko ari da topatzen eta zuzenean kalte egiteaz gain, edukiontzi osoko eta ondo bereiztutako organiko hondakinak zuzenean erraustegira bideratzen ditu. Herrian 5 puntu kritiko identifikatu dira eta bizilagunak abisaturik daude.
Pandemia garaitik kontaktua saihesteko txartel bidez irekitzen ziren organiko eta errefus edukiontziak zabaldu ziren, eta argi ikusi da horrek eragin zuzena izan duela topatu diren inpropioekin. Dena dela, hau ez da egoeraren arrazoi bakarra, eta hori herritarren ikuspegitik aztertzea garrantzitsua ikusi da.
Horregatik egoera honen arrazoiak eta herritarren ikuspegia jakite aldera, galdetegi bat egitea ikusi da. Jarraian dauden lotura/esteka bidez zein zuzenean egin daiteke Udaletxeko harreran inprimakia eskatuz.