Udalak Akilar lursaila erosi du dagoeneko Muskiritzuko 15 hektarearen jabe eginez

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2022ko uzt. 29a, 08:33

Ekimen honekin Udalak mendigaina babestu eta balorean jartzea du helburu.

Soraluzeko Udalak Akilar lursaila erosi du. Muskiritzuko mendilerroan dago lur sail berria eta honenbestez, dagoeneko 15 hektarearen jabe egin da Udala 2015etik gaur egunera arte. Soraluzeko Udaleko Ingurumenaren eta Landa Garapenaren Batzordeak sustatu du erosketa eta Soraluze Bizi 2030 ekimen planean ere jasota dago ingurumenari babesa emateko mendigaineko lursailak eskuratzea. Zentzu honetan, Iker Aldazabal alkateak jakinarazi duenez, ”lur sail  berri hau eskuratzeak beste urrats garrantzitsu bat suposatzen du, Muskiritzuko mendilerroko natura-eremua eta biodibertsitatea hobetzeko kudeaketa-plana bere osotasunean garatzeko”.

Balioan jarri, babestu eta garatzeko 151.882 metro karratu

Azken urteetan Karakate-Hirukurutzeta mendilerroan erosten duen zortzigarren lursaila da eta, honenbestez, 151.882 metro karraturen jabe egin da Udala. Joan den maiatzaren 30ean egindako bileran mendigaineko Akilar izeneko lursaila erostea erabaki zuen Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak. Lursaila Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan aurkitzen da, 25.182 metro karratuko azalera dauka eta 9.065,52 euroan erosi du Udalak. “Udal Gobernuaren asmoa apurka-apurka Karakate-Hirukurutzeta mendi-lerroan dauden lurrak erosten joatea da. DEBEGESA (Debabarreneko Garapen Ekonomikorako agentzia), Debemen (Debabarreneko Landa Garapen Elkartea) eta Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek mendigaineko Dolmenen Ibilbidea balioan jartzeko egiten diharduten apustu garrantzitsua kontuan izanik, Soraluzeko Udalak lehentasunezkoa ikusi du lur-sail hauen erosketa burutzea proiektua aurrera eraman ahal izateko”, nabarmendu du alkateak.

Hala, Karakete-Hirukurutzeta mendi-lerroa balioan jartzea da bertan lur-sailak erostearen arrazoia. “Herritarrentzako paraje kuttuna izateaz gain, inguruak balio handia dauka, hala ingurumenari dagokionean, nola turismoari, paisaiari, abeltzaintzari zein ondare historikoari dagokionean ere, eta hori babestu eta garatu nahi ditu Udalak”, gaineratu du Aldazabalek.

Bertako zuhaitzen landaketa

Bertakoak diren zuhaitz landaketak egingo dira erosi berri den lur sail honetan. Aurtengo neguan ere, udal jabetzako Mando-Iturri eta Askabeitxiko lurretan landatu dira 2.000 zuhaitz. Mendigaineko lur sailen kudeaketa egokia gauzatu ahal izateko, Udalak Basoinsa S.L enpresa kontratatu zuen iaz, Muskiritzuko mendi lerroko kudeaketa plana idazteko. Plan honen helburua, udalerriko zati diren Muskiritzuko mendilerroan kokatzen diren lursailetan natura-ingurunea hobetzeko eta biodibertsitatea kontserbatzeko egin beharreko lanak zehaztea da. 2015. urteaz geroztik Udalak erosten duen zortzigarren lursaila da hau eta guztira 151.882 metro karratu eskuratu ditu, 54.686,58 euroko inbertsioa eginez.

Ondokoak dira azken urte hauetan zehar Udalak eskuratu dituen lursailak:

* Gizaburuaga izeneko 3 lursaila (33.464 metro karratu), 12.047,02 euroan.

* Idoia-Azkabeitiaburua (26.289 metro karratu), 9.464,04 euroan.

* Mando-Iturri (20.430 metro karratu), 7.354 euroan.

* Askabeitia (20.400 metro karratu), 7.344 euroan.

* Akilar (26.147.07 metro karratu), 9.412 euroan.

* Akilar (25.182 metro karratu), 9.065,52 euroan.