Soraluzeko Udala Plaentxi Herri Ikastetxeko patioko zorua leuntzeko obrekin hasi da. Lanak gainazala leuntzean datza, eta egokitu bezain laster ikastetxe publikoaren areto-futbolaren eremua markatuko da. Obra horiek Bergara Margoak SL enpresa ari da burutzen, 10.253,24 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).
Argiztapena zaharberritu
Era berean, zentroko patioan dagoen estalpeko argiztapena zaharberrituko da. Honela, LED sistemako kontsumo txikiko zortzi farola berri jarriko dira.Lan horiek LAIBI elektrizitate-enpresak egingo ditu, 3.859,90 euroko inbertsioarekin. Iker Aldazabal alkatea obrak bisitatzen egon da aste honetan eta alkateak nabarmendu duenez, “azken hobekuntza horiei esker, Plaentxi Herri Ikastetxeko patioa erabat egokituta geratuko da erabiltzaileen gozamenerako”.
Azken hobetze-lan horiek Udalak iazko irailean egindakoei gehitu zaizkie. Orduan, parke berri bat eraiki zen ikastetxeko patioan, oporraldia aprobetxatuz. Modu honetara, aisialdirako hainbat gune sortu ziren, baita hainbat baratze ere. Jolastokia eraberritzeko beharra aspaldi adierazi zuen ikastetxeak, espazio hezitzaileagoa eta inklusiboagoa sortzeko eta, eskaera horri erantzunez, ordura arte zabalgune handia izan zena, hainbat gune edo txokotan banatu zen, eta futbol-zelaiak zentralitatea galdu zuen, beste jarduera batzuen mesedetan.
Patioak elementu hauek ditu gaur egun: oreka-eremua; jolas-elementuak; baratzeak; atsedenlekuak eta futbol-zelaia. Gainera, espazioa txukuntzeko, paperontzi berriak jartzeko eta zutoinak eta hormak margotzeko aprobetxatu zen.