Muskiritzurako dirulaguntza berria

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2022ko ots. 11a, 14:23

Soraluzeko Udalak 19.200 euroko dirulaguntza jaso du Muskiritzuko mendilerroan baso-berritze lanak aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren eskutik.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 19.200 euroko dirulaguntza eman dio Soraluzeko Udalari Muskiritzuko mendilerroko lur sailetan inguru naturalaren eta biodibertsitatearen hobekuntzarako plana inplementatzen jarraitzeko.

Iaz ere jaso zuen Udalak zeregin bererako dirulaguntza, zeina Muskiritzuko mendi lerroko KUDEAKETA PLANA idazteko eta Udalaren jabetzakoa den Asbabeitxiko landa eremuko lurretan bertakoak diren 900 zuhaitz landatzeko erabili zuen.

Iker Aldazabal alkateak adierazi duenez “laguntza berri honek  bultzada garrantzitsua suposatzen du zuhaitz landaketak egiten jarraitzeko eta mendigaineko inguru naturala eta biodibertsitatea balioan jartzeko”.