Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak AGINDUA argitaratu du ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimenduen titularrei zuzendutako laguntza-programaren berri emanez.
Aginduak dioenez Jaurlaritza jakitun da COVIDak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko hartu dituen prebentzio-neurriek eragin nabarmena izan dutela ostalaritzako eta gaueko aisialdiko jardueretan eta eragin horiek arintzeko helburuarekin prestatu du aipatutako laguntza-programa.
Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 22.266.000 eurokoak dira eta hainbat irizpideren arabera banatuko dira; hala nola, establezimendu-mota, langile kopurua.... Ostalariek 2.000 eta 70.000 euro arteko laguntzak jaso ahal izango dituzte.
Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, goizeko bederatzietan, eta 15 egun baliodun geroago amaituko.
Agindu honen ondoriozko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egin ahal izango dira.
Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1211401