Duela ia hiru urte Gabolatseko zubitik SAPAko eraikin zentralera arteko pabiloi zatia lagapenean jaso zuen udalak, 2019ko otsailaren 7ko osoko bilkuran onartu zen Saparen eta Udalaren arteko hitzarmenaren bitartez.
Eremu hori birgaitzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak lortze aldera, hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta bilera horiei esker ondorengo proiektuak gauzatu ahal izateko 50.753,45 euroko dirulaguntza berria lortu da:
- Sapako pabiloia birgaitzeko exekuzio proiektua gauzatzeko (14.900€ Bez-a aparte)
- Obra zuzendaritza burutzeko (14.600€ Bez-a aparte)
- Sapako pabiloiaren saneamendu lanak egikaritzeko (12.445€ Bez-a aparte)
Aurrez, beste 26.000 euroko dirulaguntza lortu zuen udalak: Lurzoruaren kalitatearen ikerketa egiteko (11.975,43€ Bez-a aparte) eta Pabiloiaren eraisketa proiektua gauzatzeko (14.000€ Bez-a aparte).
Horrenbestez, 76.753,45€ dira guztira Soraluzeko Udalak arestian aipatutako proiektuak gauzatu ahal izateko lortu dituenak.
Soraluzeko Alkate Iker Aldazabalek adierazi duenez "Dirulaguntza berri honi esker udalak beste pauso bat gehiago eman du eremua birgaitzeko lanetan. Udaletik lanean jarraituko dugu proiektu hau errealitate bilakatu dadin".