Abenduaren 14an Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian jaso zuen Soraluzeko Udalak Bikain Ziurtagiria, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso ere.
BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da eta esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du.
Argazkian, Iker Aldazabal, Alkatea; Veronica Galarraga, Euskara Batzordeburua eta Mikel Leunda, Euskara Teknikaria.
Bikain ziurtagiriak hiru maila ditu: Oinarrizkoa (beltza), Erdi mailako (zilarra) eta Goi mailakoa (urrea).
Ziurtagiria eskuratu ahal izateko erakundeak kanpo ebaluazioa jaso eta gainditu behar izaten du. Soraluzeko Udalak aurtengo udazkenean jaso du aipatu ebaluazioa eta ebaluatzaileek erdi-mailako ziurtagiria, zilarrezkoa, eman diote, 700-750 punturekin (1.000 da gehienez lortu daitekeen puntuazioa).
Aspaldi hasi zen Soraluzeko Udala euskararen presentzia eta eskaintza bermatzeko neurriak hartzen eta baliabideak eskaintzen; horiek guztiak modu integratuan kudeatzeko sistemak ezartzen eta emaitzak neurtzen, baita emaitza horien jarraipena egiten ere.
Hurrengo pausua beraz, kanpo-neurketa zen, kontrastea, eta hala hasi zuen Udalak ibilbide hau, BIKAIN ziurtagiriaren ibilbidea. Eusko Jaurlaritzak urtero egiten dituen bi deialdietako azkenekoan hartu du parte Udalak, irailean hasi eta abenduan amaitu den deialdian, erdi-mailako edo zilarrezko ziurtagiria lortu duelarik.
Prozesu labur baina intensoa izan da, etxe barruko elkarlana indartu du eta euskararen zeharkakotasuna agerian utzi duena. EMUN aholkularitzarekin laguntza izan du udalak azken bi urteetan, ziurtagiria lortzeko prozesua burutzeko.
Iker Aldazabal alkateak adierazi duenez, “Benetan berri pozgarria izan da zilarrezko Bikain ziurtagiria lortzea. Soraluzeko Udalak, administrazio mailan, euskara erabiltzearen alde egiten duen apustu garbiaren adierazle. Udal langile guztien talde lanaren emaitza dugu lortutako ziurtagiria. Orain badugu etorkizuneko erronka berri bat, hurrengo batean urrezko ziurtagiria lortzea”.
Ziurtagiriarekin batera ebaluazio-txostena ere jaso du Udalak, normalizazio prozesuan antzemandako indarguneak eta hobetu beharrekoak zeintzuk diren adieraziz. Aipatutako txostena izango da, hortaz, Soraluzeko Udalak hizkuntza-kudeaketa prozesuarekin jarraitzeko erabiliko duen bide-orria.