Murchanteko hilketa gaitzesteko adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2021ko uzt. 8a, 15:50

Soraluzeko Udalak gaitzespen adierazpena kaleratu du atzo gizonezko batek Murchanten (Nafarroa) emakume gasteiztar bat hil eta gero. Hilketa matxista gaitzestearekin batera, biktimaren senideei elkartasuna adierazi die Udalak.

Soraluzeko Udalak bere gaitzespen irmoena azaldu nahi du Nafarroako Murchante udalerrian gertatutako Gasteizko emakumearen hilketa matxistaren aurrean. Udalak elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

Soraluzeko Udalak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.