Ikur frankisten ezabaketa

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2019ko ots. 15a, 15:28

Soraluzeko Udalak herriko kale eta eraikinetan dauden ikur frankistak kentzeko eskaera egin die eraikin horien jabeei; Bakea eta Bizikidetzarako lan-taldeak sutatutako ekimena da.

Soraluzeko Udalean lanean diharduen Bakea eta Bizikidetzarako lan-taldeak, hainbat bizilagunen eskaerari erantzunez, herriko zenbait kale eta eraikinetan oraindik ere gelditzen diren frankismoaren aztarnak ezabatzeko erabakia hartu zuen.

Behin elementu hauek identifikatu ostean, Udala ikurrok dauden eraikinetako komunitateekin jarri zen harremanetan, legediaren berri eman eta ikurrok eraikinetatik ezabatzeko eskatuz.

Aipatutako komunitateak lanak burutzeko baliabiderik ez duela adierazten duen kasuetan, Udalak bera arduratuko da ikurrak kentzeko lanak egiteaz.

Udalak, edifizioaren jabea den neurrian, frontoi kaleko 5. zk.ko eraikineko plaka kendu du.

Kontu hauek 52/2007 Legeak arautzen ditu, gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen dituena, eta haien aldeko neurriak ezartzen dituena. Lege honek ondorengoa dio 15. artikuluan: "Administrazio publikoek, beren eskumenak betez, altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko berariazko neurriak hartuko dituzte".

Alkateak adierazi duenez, "Udalaren nahia epe motz batean udalerrian gelditzen diren elementu hauek ezabatzen joatea da, herri honek pairatutako diktaduraren aztarnak behin betiko desagertzea".