BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

BARANDIARANEN EGUNEROKOA (eta X): Agur

Uztailaren 10ean, indusketak bukatuta, Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek agur esan zioten Francisco de Zaloña abadeari. Aurretik, Bergarako erromesak ikusi zituzten, mendiz mendi Loiolara zihoazenak. Izan ere, uztailaren 31aren, Loiolako San Inazioren Egunaren aurreko domeketan, inguruko herrietatik erromesaldian joaten ziren, eta egun horretan bergararren txanda zen.

1921eko uztailaren 10a, domeka.

Egun hartan, Elosuako gure egonaldiko azken egunean, Bergaratik zetozen erromes saldoak ikusi ditugu Loiolarako bidean. Gipuzkoako santu handiaren gorpuzki loriatsuak gurtzera. Agur esan diogu Francisco Zaloña jaunari eta nekazari zintzoen herri hari.