BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

BARANDIARANEN EGUNEROKOA (IX): Keixetako Egiya (hego eta iparra), Maurketa eta Agarreburu

Uztailaren 9a izan zen laneko azken eguna. Keixetako Egiya (hegoaldea), Keixetako Egiya (iparraldea), Maurketa eta Agerreburu miatu zituzten. Egoerarik onenean zegoen dolmena Maurketa zen, bere harlauza batzuk oraindik gordetzen zituena. Gainontzekoetan harri pilak besterik ez ziren geratzen.

Guztira oso aztarna gutxi topatu zituzten, beste kasu batzuetan bezala, dolmenak aurretik miatu zituztelako. Maurketan, berriz, harri pilen azpian, zulatuta topatu zuten harkaitza, beste trikuharrietan moduan.

Amaiatzeko, indusketen azken eguna izanik, zorrak kitatu zituzten langileekin.

1921eko uztailaren 9a.

Indusketa

Hilaren 8an ezin izan genuen Keixetako Egia Hegoaldeko trikuharriaren indusketa egin eta, beraz, biharamunean itzuli egin behar izan dugu. Indusketa ohi bezala egin dugu, ekialdetik hasita, eta, ondoren, ateratako lurra galbahetik pasatu dugu. Zenbait azeri hezurrez gain, zeramika zati aski belztu bat, silexezko karrakagailu bat, beste baten zatia, formagabeko bi printza, material bereko gezi punta ederra eta harri leunduzko aizkoratxoa, aurrekoa bezain ederra, atera ditugu.

Ondoren, hondeatutako trikuharriaren argazki bat atera dugu ekialdetik (15. argazkia), eta hurrengora joan gara.

Keixetako Egiya Iparraldea trikuharria

Kokapena, tamaina eta indusketa

Aurrekoaren ipar ipar-mendebaldera dago, 100 metrora, Leiyopago gailurraren eta Keixeta tontortxoaren arteko muinoan, bi puntu horiek lotzen dituen bidetik ekialdera.

Gaur egun, trikuharriaren harririk ez da ageri: 12 metroko diametroa eta 1,50 metroko altuera duen tumulu edo harripiloa baino ez. Tumuluaren argazki bat atera dugu hego-mendebaldetik (16. argazkia).

Indusketan Aizpuruko Zabala aurkitutako uztaiaren antzeko bat agertu da. 

Trikuharriaren albo batera dauden pagoen itzalean bazkaldu dugu, eta gero hurrengo trikuharrira joan gara.

Maurketa trikuharria

Kokapena, tamaina eta indusketa

Leiyopago eta Prantzesbaso artean dago, Maurketa lautadako bordetatik 60 bat metro hegoaldera, pagadi batean ezkutatuta. Harripilan bertan, hogeita hemeretzi pago daude. Horretaz 17. argazkiak ideia eman dezake, monumentuaren ekialdetik lortutakoak. Trikuharriaren harlauzak jada ez dira gordetzen: inguratzen zuen harrizko muinoak bakarrik iraun du, 16 metroko diametroa eta 2 metroko altuera duena. Induskatzean, ikusi ahal izan dugu azpiko harkaitza zulatuta dagoela, tumuluaren erdiguneari dagokion zatian, beste trikuharri batzuetan ere agertzen den bezala.

Indusketa eta lurraren baheketaren ondorioz, patinatutako suharri zati triangeluarra aurkitu dugu, Aizpuruko Zabala eta Keixetako Egiya Iparraldeko antzeko uztaia, harri-kristal zati bat, hezur zatitxoak, horien artean kaskezurrekoak eta bi zingiñarri, hemen abilayu deituak.

Arratsaldearen erdialdera, Maurketako lanak amaituta, Agarreburura igo gara.

Agerreburu trikuharria

Kokapena eta tamaina

Agerreburu tontorreko ipar-mendebaldeko muinoan dago, Leiyopagoren hegoaldean eta Prantzesbasoren hego-ekialdean, pago-baso itxi batek ezkutatutako tokian. Harripilan hogeita hiru pago daude.

Tumuluak 12 metroko diametroa eta 1,67ko altuera du erdialdean.

Trikuharriaren alboetako bi harri gordetzen dira oraindik, apur bat mugituak badira ere, eta bertakoak ziren beste batzuk harripilan sakabanatuta daude, zalantzarik gabe. Lehenengoek ganberaren eki-mendebalde orientazioa adierazten dute (8. irudia eta 18. argazkia). Hona hemen harrien neurriak eta osaketa:

Alboko a (arbelezkoa), 1,47 luze, 1,27 zabal eta 0,25 lodi da.

Alboko b (arbelezkoa), 1,41 luze, 1,10 zabal eta 0,15 lodi da.

Alboko c (ofitazkoa), 1,00 luze, 0,97 zabal eta 0,28 lodi da.

Alboko d (ofitazkoa), 0,90 luze, 0,90 zabal eta 0,45 lodi da.

Alboko g (arbelezkoa), 1,28 luze, 0,62 zabal eta 0,08 lodi da.

Alboko e (arbelezkoa), 0,85 luze, 0,65 zabal eta 0,05 lodi da.

Alboko h (arbelezkoa), 0,82 luze, 0,35 zabal eta 0,22 lodi da.

Indusketa

Indusketa denbora gutxian egin dugu, noizbait trikuharria irauli zuten azken altxor bilatzaileek, neurri batean, lana erraztu digutelako, trikuharriaren barnealdeko lurra alde batean pilatuz, baina, bestalde, eta hau are mingarriagoa da, barruan aurkitu zituzten hezur guztiak hautsi eta barreiatu zituztelako. Guk giza hezurren zatiak eta zeramika aurkitu ditugu.

Ondoren, langileekin kontuak kitatu ditugu, eta haiei eta Plazentzia-Elosuako estazio megalitikoari agur esan.