BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

BARANDIARANEN EGUNEROKOA (VIII): Iruia, Gizaburua, Keixeta eta Keixetako Egiya (hegoaldekoa)

Uztailaren 8an Iruia aztertu zuten eta bertatik hainbat material jaso zituzten. Gizaburua, bezperan Sabuarekin egin moduan, albo batera laga zuten, itxuraz oso hondatuta zegoelako. Baina oker zeuden. Mende bat beranduago egindako indusketek (Arbasoak egitasmoaren baitan), estazio megalitiko osoan baino material gehiago aurkitu zuten, eta oso kalitate onekoak gainera: giza-hezurrak, zeramika-puxkak eta, batez ere, Brontze Aroko bi errauste-gune.

Bazkalostean, berriro ere, Elosua aldera jo zuten, Keixeta ikertzera. Eguneko azken orduetan Keixetako Egiya Hegoaldekoa dolmena behatu zuten eta ikusi zuten egituraren osagai asko gordetzen zituela. Hain zuzen, 2018. urtean, osagai horiek baliatuta, berreraiki egin zuten dolmena.

1921eko uztailaren 8an.

Tamaina eta indusketa

Monumentu honek harri-tumulu bat du, erdian 12,50 metroko diametroa eta 1,50 metroko altuera duena, eta 2,20 metroko luzera, 1,55 metroko zabalera eta 0,30eko lodiera dituen harlauza bat (5. irudia). Tumuluak, harkaitzean zulatutako forma borobil soila inguratzen du, aipatutako harlauzak estalia. Lehenengoaren argazki bat atera dugu ipar ipar-mendebaldetik (12. argazkia), eta beste bat estalkiarena eta hutsunearena hego hego-ekialdetik (13. argazkia).

Indusketa egin eta ateratako lurra bahetu ondoren,  hiru puxketa zeramika aski belztuak agertu dira, gainazal gorrixkadunak, beste trikuharri batzuetan egon ohi diren bezalakoak, bi animalia hezur zati, beste bat berriagoa, teila zati bat eta zulatutako hiru gerezi hezur. Ondoren, Gizaburua tumulura pasa gara.

Gizaburua

Iduiyako trikuharritik 200 metrora dago. Bere neurriak eta kanpoko forma lehen aipatu dugun Sabuako tumuluaren berdinak dira. Egoera tamalgarrian dagoenez, ez dugu beharrezkotzat jo hura aztertzea.

Ondoren Keixetara joan gara, Pagobedeinkatu, Aizpuruko Zabala eta Polpoletik pasatuz. Keixetako lepora iritsi baino lehen, Polpoleko iturri ospetsuaren ondoan geratu gara bazkaltzen.

Keixeta trikuharria

Kokapena

Trikuharri hori mendi-magal edo ataka batean dago, Irukûtzeta hegoaldean, Kûtzebakar ibaiaren ertzean, eta Aizpuruko zabalatik ekialdera, Elosuatik Irukûtzetara doan bidearen eskumaldean. Barometroak 695 m markatzen ditu itsas mailaren gainetik.

Tamaina eta indusketa

Lehen begiratuan, 17,20 diametroko eta 1,50 altuerako oinarri zirkularreko harri pila handi bat agertzen da. Erdian zulo bat du, trikuharria antzinatik zulatuta dagoen seinale. Muino horren gainean, zuloaren ertzean, harlauza bat dago (6. irudia), 1,40 luzekoa, 0,94 zabalerakoa eta 0,30 lodierakoa: Trikuharriaren ganberatik geratzen den osagai bakarra da.

Lubakia ireki dugu beste batzuetan bezala, eta ikusi ahal izan dugu lurpeko harkaitza, monumentuaren erdian, Kûtzebakar, Aizkoin, eta abarretan bezala zulatuta dagoela. Ateratako lurra bahetzen dihardugula, suharri horiz egindako labana zatia atera da, eta suharriz leundutako printza ere bai, hezur zati bat berdez tindatua, hausnarkarien bi hagin, plater baten zatia, zepa pixka bat eta berun zati bat, geruza karbonatatuarekin. Azken horrek, zalantzarik gabe, zerikusia du Irukûtzetako balekin.

Hegoaldetik argazki bat atera dugu (14. argazkia) eta berehala joan gara Keixetako Egiyara.

Keixetako Egiya Hegoaldekoa trikuharria

Kokapena

Trikuharri hau Leiyopagoren ipar-mendebaldeko isurialdean dago, Irukûtzetatik hego hego-ekialdera, eta Kûtzebakarretik hego-ekialdera.

Pagoz jositako zabalgune txiki bat hartzen du, trikuharria inguratzen duen tumulu berean berrogeita hamar pago baitaude, batzuk tamaina handikoak, eta, beraz, ezin izan dugu multzoaren argazkirik atera. Barometroak 725 metroko garaiera markatzen du.

Tamaina

Tumulua forma zehatzik gabeko harri zorrotzez osatuta dago. 20 metroko diametroa du eta erdian 2,50 metroko altuera. Dena goroldioz estalita dagoenez, hurbiletik begiratuta ere, muino naturala dirudi. Ipar-ekialdean, ertzetik erdiguneraino lubaki sakona du, eta horrek esan nahi du inoiz arakatu dutela. Erdian, harlauza handi bat du, etzanda (trikuharriaren estalkia), eta, alboetan beste hiru, zutik, ganberaren albokoak. Lehenengoa, hau da, estalkia, hego-ekialderantz mugitu da, mendebalde eta iparraldeko euskarriak galdu arte, hauek, aldi berean, kanporantz erori baitira. (7. irudia). Trikuharriaren jatorrizko barnealdea 1,77 m luze (eki-mendebalde) eta 1,38 m zabal edo gutxiago izango litzateke. 

Estalkiak neurtzen du (T) 2,60 luzeran, 2,50 zabaleran eta 0,35 lodieran.

Albo batek neurtzen du (A) 0,88 luzeran, 0,55 altueran eta 0,24 lodieran.

Beste alboak neurtzen du (B) 1,05 luzeran, 0,95 altueran eta 0,15 lodieran.

Azken alboak neurtzen du (C) 1,05 luzeran, 1,35 altueran eta 0,37 lodieran .