BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

BARANDIARANEN EGUNEROKOA (VII): Atxolin Txiki, Atxolin eta Sabua

Uztailaren 7an, Atxolin Txiki eta Atxolin miatu zituzten. Gero, Sabua albo batera utzita Iruiaraino heldu ziren. Atxolin Txikin tumuluaren erdian dagoen lurpeko harkaitza zulatuta topatu zuten, Aizkoinen eta Kurutzebakarren moduan. Inguruan degoen Atxolin Txiki II zistarekin ez ziren konturatu. Sabua, tamalez, albo batera laga zuten, oso hondatuta zegoelako. Baina 2019-2020 urteko indusketek, Arbasoak egitasmoan barrukoek, zista oso baten materialak azaleratu zituzten eta baita harrizko esku-errota bat ere.

Egun honetan lengileek Txandrua lapurraren istorioa kontatu zuten: sasoi batean hemendik pasatzen zen Bizkaia-Gipuzkoa erregebidea, eta Txandruaren lapursaldoak inguruan zuen aterpea, bidera irtetzeko; azkenean, Azkoitiako komentu batean harrapatu zuten talde osoa.

1921eko uztailaren 7a.

Atxolintxiki trikuharria

Egoera

Atxolintxikira igo gara eta oraindik esploratu gabe dauden historiaurreko estazioaren mendebaldeko gainerako trikuharriak ere egun berean esploratzeko asmoz. Baina gure kalkuluek huts egin dute, bi trikuharri baizik ezin izan baititugu aztertu, eta Gizaburuako muturrean kokaturikoak oraindik aztertzeke ditugu.

Atxolintxikikoa Atxolin eta Atxolintxiki haitzen arteko lepoan dago, azken honengandik hurbilago harengandik baino. Bere altuera itsas mailatik 785 metrokoa da.

Tamaina eta indusketa

Aurrekoak bezala, gaur egun, monumentu hau, kanpoaldetik behintzat, 11 metroko diametroa eta 1,50eko altuera duen harrizko muino soil bat besterik ez da. Beste trikuharri batzurekin duen antzekotasunak bakarrik ahalbidetzen digu monumentu bezala hartzea, denborak eta gizakiek zeharo apurtu baitute.

Mendebaldetik tumuluaren argazki bat lortu ondoren (10. argazkia), induskatzeari ekin diogu. Gero ikusi ahal izan dugu ez daukala trikuharriaren berezko harlauzarik; zalantzarik gabe, eraikuntza modernoetan erabiliak izan dira, beste leku batzuetan gertatu den bezala: beheko bideko mendiaren alde honetako borda baten hesiak, susmo horiek sortu dizkigun bezela. Miaketa honek ere ez zuen emaitza positiborik eman. Ohartarazi behar da tumuluaren erdian dagoen lurpeko harkaitza zulatuta dagoela, Aizkoinen eta Kûtzebakarren dagoen bezala.

Trikuharriaren ondoko pago baten itzalean bazkaldu dugu, eta gero Atxolinera igo gara.

Atxolin

Kokapena

Izen horretako trikuharria leku ikusgarri batean dago, Atxolin haitz garaienaren ondoan (805 m. itsas mailatik). Gailur horretatik Izarraitz, Ernio, Anduz, Irimo, Aizkorri, Zaraia, Udalatx, Anboto, Gorbeia, Oiz, Santa Eufemia eta Arno ikusten genituen, Plazentziako, Elgoibarko, Bergarako zati bat, eta, harago, mendebalderantz, Durangoko hiribildua.

Handik ikusten genituen, oro har, malda azkarrak, amildegi sakonak, haitzarte estuak eta beste mila elementu, zeintzuek, noizbehinka agertzen diren oihan trinko-trinkoekin batera, eremu egokia osatzen baitute, antza, piztien eta gaizkileen gordeleku izateko bakarrik. Hala ere, mendi honen azpian Plazentzia, Elgoibar eta beste herri batzuk daude, industrietan eta arteetan lan egiten duten pertsona baketsu bezain argien egoitzak.

Eta ikuspegi gorabeheratsu hark sortutako lehen inpresio hura dela eta, ondo legoke hemen gure langileek askotan gogoratzen dutena aipatzea, hau da, Txandruaren istorioa.

TXANDRUAREN ISTORIOA

Lapur ospetsua, inguruetako herri guztiak luzaroan jopuntuan eduki zituena. Bere lagunekin borda batean bizi izan zen eta borda horren hondakinak oraindik Atxolin haitzaren oinean ikusten dira, Aizkoingo trikuharriaren ondoan, oihan oso itxian ezkutaturik. Garai batean edo gurean ere gaizkile talde bat gorde dezakeen lekua da.

Diotenez, Txandrua delako hori eta bere lagunak behin sartu ziren Azkoitiako Santa Kruz komentuan, eta hango moja guztiei oinak eta eskuak soka banarekin lotu zizkieten, bat izan ezik: ohean gaixo zegoelako libre laga zutena. Baina honek bere ohe ondoan komentuko kanpaietako baten soka zeukanez, jo egin zuen, eta zorionez gero jende asko bildu zen inguruan. Lapurrak, horretaz jabetuta, eta komentuko baratzetik irteera hobea aurkituko zutela pentsatuz, bertara salto egin zuten, baina jendeak dena hesituta zuen, eta azkenean harrapatu eta preso hartu zituzten.

Tamaina eta indusketa

Trikuharria inguratzen duen harrizko muinoa hain dago beheratua eta nahasia, ezen ezin baitira haren mugak atzeman ere. Gainera (ez dute alferrik biziraun urrezko idinarruari buruzko sinesmenek), altxor bilatzaileak ez dira lo egon, gure ikerketak direla eta inguru hauetan jentilen hilobiez hitz egiten den honetan. Orain dela zortzi egun baino gutxiago, trikuharri hori arakatu eta berriro nahastu zuten. Azken egunotan inguruko herrietan bat-bateko aberatsik agertu ote den galdetu diegu langileei, ironia tonuan. Ezetz erantzun digute.

Tumuluaren erdian, 1,80 metroko luzera, 0,90 metroko altuera eta 0,20 metroko lodiera duen lauza bat dago, ekialderantz orientatua, tumuluaren gainazalean sakabanatutako beste lau lauza daude, dolmenaren ganberakoak diruditenak.

Arrasto horien argazki bat atera dugu ipar-mendebaldetik (11. argazkia).

Indusketa egin ondoren, ez da ezer interesgarririk agertu; eta berehala jaitsi gara Iruiyako trikuharrira (Idoiya beste batzuen arabera), Sabuatik pasatuz.

Sabua

Atxolin menditik iparraldera dago, 150 metrora. 12 metroko diametroa eta 0,50 metroko altuera dituen harrizko muinoa da. Haien kokapena, forma eta abar kontuan hartuta, uste dugu historiaurreko monumentu askok lagatako hondar multzia dela, ondoren denboran zehar hainbat erregistro eta profanazio izan dituena.

Iruiya trikuharria

Kokapena

Monumentu honen kokapena zehazteko, esan daiteke Atxolinetik 800 metrora dagoela, mendebaldera. Lautada baten ertzean dago, garo trinko batean, Maltzagatik Azkoitiara doan bidearen eskumaldean. Bere altuera itsas mailatik 725 metrokoa da. Ezin izan dugu trikuharri hau behar bezala aztertu gaur, arratsaldea oso aurrera doalako.