BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

BARANDIARANEN EGUNEROKOA (VI): Pagobedeinkatu eta Aizkoin

Uztailaren 6an, berriz, Pagobedeinkatu eta Aizkoini ekin zieten. Azterketak emaitza eskasak izan zituen, suharri printza batzuk besterik ez.

Aizkoinen, harri multzoen azpian, beste zulo oboide bat topatu zuten, harkaitzean egindakoa.

1921eko uztailaren 6a.

Pagobedeinkatu

Kokapena

Pagobedeinkatura igo ginen Irukûtzeta gainetik pasatuz. Toki honen izenak pago bedeinkatua esan nahi du, eta gaur egun bertan ez badago espezie honetako zuhaitzik, bai bere inguruetan. Litekeena da antzina han pagoren bat egotea, agian gurutzez edo beste sinbolo erlijioso batez apaindua, eta hortik etorriko zitzaion Pagobedeinkatu izena, guk trikuharri edo tumuluari eman diogun bera. Atxolin tontorretik hegoaldera dago, Plazentziatik Azkoitiara doan bidearen eskumaldean.

Tamaina eta indusketa

Tumulu honek 11 metroko diametroa eta metro beteko altuera du. Mendilerroan ugari diren ofita harriz eta arbelez osatuta dago. Hemen besteak bezalako trikuharria izan zela uste dugu, hilobi-ganberako bere harlauza handiekin, etab., baina gaur egun desagertu egin dira, mota honetako beste monumentu askotan bezala. Antzinakoak urrez lepo zeudela sinetsita (horregatik deitzen diote urrezko aroa aro hartaz ezagutzarik ez dutenek), aberastasunak bilatzeko gogo gupidagabea izan da azkenean gure trikuharriak hainbat datu arkeologiko eta antropologiko gabe gelditu izanaren arrazoia.

Indusketa ohi bezala egin eta lurra arakatu ondoren, suharri horizko printza ñimiño bat besterik ez da agertu. Horren ondoren, eta tumuluaren argazkia mendebalde ipar-mendebaldetik (8. argazkia) atera ondoren, Aizkoinera jo dugu eguerdiko hamabietan.

Aizkoinerako bidean goazen arren, atzean lagatzen ari garen Pagobedeinkatu magalaren izenarekiko jakinmina ez da itzali. Gure langileek, bertakoak inanik, kasu askotan horrelako gaiak argitzen laguntzen digute. Kasu honetan jakinarazi digute Bergarako Pagolamendi mendian badela Pagobedeinkatu izeneko pago bat. Urtero, abadea eta berarekin doazenak konjurua egitera Pagola baserrira igotzen direnean, egurrezko gurutze bat jartzen dute.

Albiste horiek eta goian aipatu dugun Irukûtzetako erromeriaren datuak gogora ekarri digute aurreko batean  esan genuena historiaurreko monumentu batzuen inguruko erlijio-adierazpenei buruz: "Gaur egun, ezin da zalantzan jarri monumentu horietako asko, guregandik urrun ez dauden garaietan, sineskeriazko gurtza berezien helburu izan zirenik, eta ekintza horiek erlijioso bihurtzeko trikuharri asko kristautu zirenik”. Euskal Herriaren kasuan hori frogatzen duten gertaerak El Arte rupeste en Álava artikuluan kontsulta daitezke.

Aizkoin trikuharria

Kokapena

Trikuharri hau ez dago aurrekoarengandik urrun. Plazentziatik Azkoitiara doan bidearen ezkerrean dago; oinean, Atxolingo ekialde hego-ekialde aldean. Hartzen duen lekua ilun samarra da, inguruko baso itxiarengatik. Tumulua bera ere dozena bat pagoz estalia dago, baina hauek ez dute erabat babesten eguerdiko eguzkiaren izpi kiskalgarrietatik, bere miaketaren hasieran jasan ahal izan dugun bezala.

Tamaina eta indusketa

Tumulua, pagoz eta garotza trinko batez estalita dagoen harri irregularrez osatutako pila da. 13 m-ko diametroa eta 1,70 m-ko altuera du erdialdean. Hemen ere ez dago trikuharriaren harlauzarik, eta bai haien ordez inbutu itxurako zulo handi bat, antzinako indusketaren eta, ondorioz, hilobiaren profanazioaren seinale argia. Behin lubakia irekita, ohi bezala, ez genuen inolako berezitasun aipagarririk topatu, harik eta harkaitzean landutako zulo bat agertu zen arte, oboidea; haren ardatz nagusiak, ekialderantz orientatua, 2 m neurtzen ditu, txikienak 1,30 m eta sakontasunak 0,50 (4. irudia). Beraz, ohitura berezia da (zulo oboidea harkaitzean egitea, ondoren hildakoa bertan sartzeko), aurrekariak izan dituena Kûtzebakarren eta agian Urrezuloko Armurean.

Mendebaletik  tumuluaren argazki bat lortu (9. argazkia), ateratako lurraren beharrezko miaketa etab. egin eta gero, eta konbentziturik emaitza negatiboa dela, suharri ilunezko printza besterik ez dugu topatu. Atxolintxikira igo gara. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ia ezin izan dugu ezer egin trikuharrian.