BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

BARANDIARANEN EGUNEROKOA (II): Irukurutzeta, Arribiribilleta eta Aizpuruko Zabala

Kontratatutako langileak, denak Soraluzekoak, agindutakoa betez, uztailaren 2an igo ziren Irukurutzetara. Altxor bilatzaileen beldurrez, bertatik abiatu zuten ikerketa, arrastorik nabarmenenak bertan zeudelako. Carlos Oruetak jakinarazi zienez,  aspaldian bazegoen pintaketa bat Irukurutzeta trikuharrian: “Sepultura hallada en 1878” zioena. Baina 1921ean ez zuten ez letrerorik ez hezurrik aurkitu. Bertan zeudela, Barandiaranek aprobetxatu zuen Irukurutzetako erromeriaren berri jakiteko eta erreferentzia jasotzeko.

Bukatutakoan, Arribiribilletatik pasa eta gero, Aizpuruko Zabala induskatzen hasi ziren.

1921eko uztailaren 2a, larunbata: Lehen txangoa

Irukûtzetako trikuharria

Uztailaren 2an Irukûtzetako trikuharrira igo ginen. Elosuatik hurbilen dagoen lekua ez izan arren, merezi du lehenbailehen esploratzeak: mendiko punturik ikusgarrienean duen kokapenagatik eta baserritarrentzat ezagunena denez, altxor bilatzaileren bat aurreratzeko eta monumentua lehen zegoena baino nahasiago uzteko arriskua dagoelako.

Kokapena

Trikuharri hau, estazio megalitiko osoaren gailurrik garaienean dago. Handik pauso gutxira eta apur bat gorago, burdinazko gurutze hirukoitza dago; hortik jaso du izena mendiak (Irukûtzeta-hiru gurutzeen lekua), eta Bergara, Azkoitia eta Elgoibarko lurrak bereizteko mugarri gisa erabiltzen da. Gailur horretatik Elgoibar, Azpeitia, Loiola eta Azkoitia dauden haranak ikusten dira, eta Elgeta mendilerroaren eta Urko tontorren arteko mendietatik harago, Durangoko harana ere ageri da.

Trikuharriaren ondoan lautada bat dago, eta, bertan, sakonune txiki bat, urtearen zati handi batean ura mantentzen duen putzu bihurtzen dena.

Lautadan erromeria egiten da urtero, maiatzeko lehen igandean. Gaur egun ez du, dakigula, erromeri honek izaera erlijiosorik, baina dudarik gabe sasoi batean bazuen. Diotenez, garai batean Lezarrisoroko (Bergarako baserria) agure bat urtero igotzen zen, maiatzeko lehen igandean, Irukûtzetako gailurrera, bere kopadun kapelaren zintan gurutze bat zeramala. Jende asko joaten zen berarekin. Jada ez da gurutzerik eramaten, baina jendeak urtero erromeria ospatzen jarraitzen du, gehienbat dantza eta askariek osatua.

Tamaina eta egitura

Monumentuaren kanpoko forma, ofitazko ertzak ageri diren muino batena da (1. argazkia), 20 metroko diametroa eta bi metro baino zertxobait gehiagoko altuera duena. Tumulu honen erdian zulo bat dago, aurreko miaketen seinale, eta, bertan, erdi hautsitako harlauza bat agertu da, hau ere ofitazkoa (2. argazkia), 0,25eko lodierakoa. Badirudi harlauza hau trikuharriaren alboetako baten pieza izan dela. Barruko aldean, margo beltzez egindako idazkun baten zatia du, Orueta doktoreak jakin ahal izan duenez, honako hitz hauek zituen: "Sepultura hallada en 1878". Oraindik mantentzen diren hizkiek erabat berresten dute hori.

Indusketa

Hego-mendebaldetik tumuluaren argazki bat atera ondoren, ekialdetik induskatu dugu, bi metro inguruko zabalera duen lubakia irekiz. Tumuluko lurrarekin eta azaleko harriekin batera, berunezko bost bala borobil eta brontzezko txanpon frantses bat agertu dira. Gainera, txinparta harri bat, suharrizko laban zatia, harri bereko beste zati bat eta hezur zatia agertu ziren.

1878an trikuharri hau esploratu zutenak, zalantzarik gabe, gu baino zoriontsuago izango ziren; izan ere, idazkunean "hilobi" hitza jartzeko, zerbait aurkitu behar izan zuten izen hori justifikatzeko. Ezin zezaketen trikuharria zela jakin, sasoi hartako halako monumentuen berririk ez zaigu eta geratu Gipuzkoan.

Indusketa eta lurraren miaketa amaitu ondoren, tumuluaren erdian (2. argazkia) trikuharritik gordetzen den harlauza bakarraren argazki bat lortu dugu, eta atzera egin dugu.

Arribiribileta

Irukûtzetatik ez oso urrun, mendebalde aldera, inguru biribilduko hareharrizko harkaitza dago, 3,50 metro luzeran, 1,65 metro zabaleran eta 0,30 metro lodieran neurtzen duena (2. irudia). Leku harek harri horren bitartez hartu du Arribiribileta izena. Ematen du harria beste nonbaitetik ekarri zutela eta bere inguruan zerbait zulatzea erabaki dugu. Teila zatiak eta ikatz puskak atera dira, mugarrien azpian jartzen dituzten gauzak, benetakoak direla adierazteko.

Aizpuruko Zabala trikuharria

Kokapena

Uztailaren bigarren egunean bertan, Arribiribiletako harria aztertu ondoren, Aizpuruko Zabalako trikuharrira joan gara.

Trikuharri hau dago Kûtzebakar tontorretik behera, Osintxu alderantz dagoen mendixka baten tontorreko zelai txiki batean. Bere kokapena oraindik hobeto zehazteko, esango dugu Kûtzebakarretik metro gutxira dagoela, puntu horretatik Osetara jaisten den bidearen ezkerraldean (Ik. planoan).

Tamaina eta egitura

Aizpuruko Zabalaren tumulua osatzen duten harri arreak garo trinkoz ia estalita agertu dira. Tumulu horrek 14 metroko diametroa eta 1 t’erdiko altuera du erdian. Ofitazkoak dira harri guztiak, tumulukoak zein dolmenaren ganberakoak. Eta tumulu horren hiru harlauza gordetzen dira: hegoalde albokoa, sarrerakoa eta ipar-ekialde alboko bat (3. irudia). Hona hemen haren neurriak:

A albokoa 2,10 metro luze da, 1,70 metro altu eta 0,25 metro lodi.

B albokoa 0,53 metro luze da, 1,30 metro altu eta 0,12 metro lodi.

C sarrerakoa 0,83 metro luze da, eta 0,30 metro lodi.

Harlauza hauen egungo egoerak erakusten duenaren arabera, trikuharriaren ganbara, suntsitu aurretik, ekialde-mendebalde norabidean orientatua egongo litzateke, eta bere neurriak, gutxi gora-behera, luzeran 2 metro, zabaleran bat eta altueran 1,40 metro izango lirateke.

Indusketa

Uztaileko bigarren egunean, lurra garbitzeko lehen lanak hasi besterik ez ditugu egin, dena garoz eta txilarrez betea dagoelako. Gero, Polpoleko amildegitik bueltan, denbora asko behar izan dugu, batez ere, lainoak  eta basoak ez digutelako orientatzen laga.