BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

BARANDIARANEN EGUNEROKOA (I): Ostatua.

Elosua-Plazentzia mendilerroko trikuharriak miatzeko asmoarekin, 1921eko ekainaren 30ean Elosura heldu ziren Telesforo de Aranzadi, Jose Miguel de Barandiaran eta Enrique de Eguren arkeologoak. Francisco de Zaloña Elosuko parrokoak bere etxean hartu zituen. Biharamuna, uztailaren lehena, prestaketetan eman zuten.

Ekainak 30 eta uztailak 1: Espediziokideen ostatua.

Francisco de Zaloña jaunak, Elosuko abadeak, atseginez eta eskuzabaltasunez eskaini digu bere etxea ostatu hartzeko, eta hasieratik eman digu nahieran erabiltzeko aukera. Lan handia hartu du gure egonaldia ahalik eta erosoen egiteko eta, egunero bazkaria mendira ekartzeko ardura hartzeaz gain, lagundu digu estazio dolmenikoan hain ugari diren bidezidor eta basoetan barrena. Hori guztia eskertzekoa da, are gehiago Zaloña jaunak ez baitu espediziokide bat bera ere ezagutu Elosun elkartu aurretik. Beraz, lehen egunetik Elosuko landetxean hartu dugu ostatu; honek, beste erosotasun batzuez gain, telefono publikoa erabiltzeko aukera ere eskaini digu. 

Esplorazioak prestatzeko lanak uztailaren lehenean egin ditugu. Beraz, hurrengo egunera arte ezin izan dugu ingurua miatzen hasi. Gainera, oraindik ez gara espediziokide guztiak bildu, eta langileek (plazentziatarrak denak) agindua dute Irukurutzetara uztailaren 2an igotzeko, ez lehenago.