BARANDIARANEN EGUNEROKOA (1921)

100 urte Jose Miguel de Barandiaran Soraluzen izan zela

1921eko ekainaren bukaeran, 24an, hain zuzen, Jose Miguel de Barandiaran Soraluzera etorri zen, hurrengo astetan egitekoa zuten Elosua-Plazentzia mendilerroko trikuharrien indusketa antolatzera. Indusketan parte hartu zuten hiru lagunei Francisco de Zaloña Elosuko abadeak eman zien ostatu, bertako abadetxean. Langileak, berriz, Soraluzen kontratatu zituzten (langileetako baten izena ezagutzen dugu: Errotazarreko Gorostidi). Uztailaren 2an, langileek Irukurutzetara igotzeko agindua jaso zuten, indusketekin hasteko. 

1920ko Gabonetan, Jose Migel Barandiaran eta bere anaia Jose Ignacio Irukurutzeta inguruan izan ziren, eta hainbat trikuharri eta tumulu topatu zituzten bertan.

Handik urtebetera, 1921eko ekainaren 2an, Jose Migelek beste txango bat egin zuen mendi gainera, oraingoan, bi soraluzetarrekin, Carlos Orueta doktorearekin eta Eugenio de Arrillaga abadearekin.

Urte bereko ekainaren 30ean, Elosura joan zen, bertako mendilerroko trikuharriak miatzera. Zeregin horretan Telesforo de Aranzadi eta Enrique de Eguren arkeologoak izan zituen lagun (los tres tristes trogloditas, hiru kobazulozale tristeak), Carlos Orueta plazentziatarrarekin batera. Uztailaren 2tik 9ra bitartean hamasei trikuharri aztertu zituzten.

Esplorazio lan horietan jazotakoak eta topatutakoak egunkari batean idatzi zituen Barandiaranek. 

1922an, egunerokoa informazio gehiagorekin osatu zuten eta Gipuzkoako Aldundiak liburu modura argitaratu zuen: "Exploración de dieciséis dólmenes de la sierra Elosua-Plazentzia".

Gehiago jakiteko, sakatu HEMEN

Oharra: Datozen egunetan Sorapediak egunkari horren atalak argitaratuko ditu Plaentxia.eus-en.