Ezetz denak topatu!

1757. urteko grabatu honetan hainbat eraikin ezagun agertzen dira. Topatzeko gauza zara? Udaletxea, parrokia, San Andres ermita, Ezoziako santutegia, Olea baserria, Plaza Zaharra, Arregia eta Mendikute jauregiak, zubi nagusia, Malmero eta Olabarrenako presak…

Zailago oraindik: desagertu direnak topatuko zenituzke? Mojen komentua, Erregetxe zaharra, San Salvador ermita, Olabarrena bera… Berriz, alferrik saiatuko zara berrien bila: frontoia, Erregetxe berria, Plaza Barria, labaderoa

Herriko ikuspegi zaharrena da, eta Florencio Josepf de Lamot Gondesoone Arma Lantegien ikuskatzaileak Madrilen inprimatu arazi zuen grabatuan agertzen da. Grabatu honetan bada mapa bat Soraluze eta inguruak erakusten duena.

Sortu eta berrehun urte geroago, Joaquin de Yrizar bergararrak Españako Liburutegi Nazionalean grabatu hau aurkitu zuen, eta Un desconocido grabado de la Real Fábrica de Armas de Placencia artikulua idatzi zuen Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País-en aldizkarian (1957).

Otsailak 26an, Elgoibarko Erreminta-Makina Museoaren 20. urteurrenarekin batera, Lamoten grabatua liburua aurkeztu zuten. Egilea Pedro Ortuondo da, museoaren zuzendari izandakoa. Liburua Soraluzen ere aurkezteko asmoa dago.