Lamoten grabatuari buruzko liburua argitaratu dute Elgoibarren

Egoitz Unamuno 2019ko ots. 28a, 09:25
Urkullu Lehendakaria Lamoten grabatuari begira, atzo, Elgoibarren. Argazkia: Barren.eus.

Erreminta makinaren museoak 20 urte betetzen dituela ospatzeko, Lamoten grabatua liburua argitaratu dute Elgoibarren, bere testua bost hizkuntzatara itzulita.  

Atzo goizean, ekitaldi berezia egin zuten Elgoibarren Erreminta Makinaren Museoak 20 urte bete dituela ospatzeko. Bertan izan zen Iñigo Urkullu lehendakaria, eta Debarroko industria tradizioaren bilakaeraren gaineko azalpenak ematearekin batera, Lamoten grabatua erakutsi zioten.

Grabatuak, XVIII. mendeko armagintzaren lekukotza ematen du eta azaltzen du garai hartan Soraluzen zegoen erregearen arma fabrikaren jarduna zelakoa zen. Pedro Ortuondok, orain dela gutxira arte museoko zuzendari izan denak, grabatuaren testua transkribatu du eta liburu batean jaso du, bost hizkuntzatara itzulita. Liburu hori atzo aurkeztu zuten Elgoibarren, eta Iker Aldazabal alkateak Plaentxia.eus-i jakinarazi dionez, laster Soraluzen ere aurkeztuko dute.     

Lamoten grabatua  

Florencio Josepf de Lamot Gondesoone Baillerbi (Flandria) herrian jaio zen, 1701. urtean. 1736an Euskal Herrira etorrita, Soraluzeko eta Tolosako Errege Arma Lantegien kontuhartzailea izan zen, eta gerora, ikuskatzailea. 1757. urtean armagintzari buruzko grabatu bat egin zuen. Grabatuak, armen ekoizpenari buruzko informazioa jasotzen du, marrazki eta testu ugariren bidez, eta berba egiten du garai hartan ekoiztutako hainbat arma klaseri buruz. Grabatuaren beheko aldean, bestalde, armagintzan garrantzi handia duten lau gremiori buruzko azalpenak ageri dira: kanoigileak, kaxaginak, aparejuginak eta txispaginak. Antolakuntza horrek 300 bat urte iraun zituen, XVI. mendetik XIX. mendera arte. Lamot 1779ko uztailaren 30ean hil zen, 78 urte zituela.

1999an Ramiro Larrañaga Soraluzeko historiagileak Lamoten grabatuaren kopia bat oparitu zion Elgoibarko Erreminta Makinaren museoari. Agiri horrek Debarroko industriaren tradizioa egiaztatzen du, eta armagintzaren sorreraren lekuko da. Pedro Ortuondok, orain dela gutxira arte museoko zuzendari izan denak gogoa zeukan aspalditik grabatu hori transkribatzeko, eta museoaren 20. urteurrenaren harira bost hizkuntzatan argitaratu dute liburua.

Liburu horrekin armagintzaren sorreran eta armagintzan lan egin dutenei “omenaldi moduko bat” egin nahi izan diete, “mendez mende egin duten ahaleginari esker iritsi delako euskal industria gaur egun dagoen lekura”.

Artikulu honen oinarrizko edukia Barren.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.