Hilabete dezente igaro dira gure herriko plaza bietan GDI taldeak eskegitako bi pankarta daudela. “utzi presak bakean” eta “erreferendum”. EHBildu gobernuan dagoenez badakigu ez direla ikusgarritasun handiena duten bi espazio publiko hauek “alokatu/pribatizatu”. Dena den, ordenanza zibikoaren 39. artikuluan begiratu beharko litzateke; pankartak eta kartelak jartzea arautzen duena.
Ez da pankarten kudeaketa idatzi honen asmoa, umore garratz tanta batekin hastekoa baizik. “Arazoa” hor dagoela gogorarazten gaituen irudi bat. Politikoki udal mailan ezinegona sorrarazten duen gaia da; eta alderdiak elkarren kontra higatzeko ez erabiltzea lortu da. Prozesu parte hartzaileak jarri dira martxan, Merlin proiektu europarra gauzatu behar zuten erakundeak egon dira azalpenak ematen, tartean nazioarteko sona duen EHUko ibai ekologian katedradun bat, … Askok pozten gara gure futbol taldea Europarako sailkatzen denean. Eta gure Deba ibaia ekologikoki leheneratzeko europar mailako proiektu batean sartzeko aukera dugunean kikildu egiten gara? Debarroako gainontzeko udalek aurrera jarraitzen dute eta gu? Nola da posible halako proiektu bat moteltzea, geldiaraztea eta hasiera eta bukaera zuenak, nolabaiteko helburu edo epe muga gabe geratzea?
Berriki, Josean Inurrietak kritika zorrotz bezain egokia idazten zuen asko saltzen den egunkari batean. Paisaiari buruzko EHUko ikerlari talde batek argitaratutako lan batean GDI taldeak bere “ez dira ikutzen” leloa berretsita ikusi du. Bertan Debarroako kasua modu deskriptiboan aztertzen da, eta ibaiak Soraluzen egiten duen ibilgua adibide paradigmatiko bezala azaldu eta gomendio batzuk zerrendatzen dituzte.
Inurrieta jaunak, gogorarazten die GDIkoei(eta kontrastea egin behar zuen kazetariari, hau nik gehitzen dut) Soraluzeri buruzko atalean aipatzen dela Merlin proiektua gauzatzear dagoela eta honek, hiru helburu nagusiak uztartzeko egitasmo egokia dela: ingurumena, uholde arriskua eta presak suposatzen duten ondarea.
Informazio eta dokumentazio publikoak, prestigiodunak, esaten dutena desitxuratu eta manipulatu behar dituzunean, adierazten duzuna da argudio sendorik ez duzula eta zure helburuak lortzeko edozer esateko prest zaudela.
Ez da lehenengo aldia. GDIkoen aurkezpen edo idatziren batean irakurri nuen udal hirigintza planeamenduan aipatzen zela Olako presa onuragarria zela martin arrantzalearentzat. Planak Olako presaren inguruan martin arrantzaleak ikusi izan direla esaten du, erabat ezberdina. Pasada berdinean txoriak pasatuko zuen Santa Anako zubia eta gero igual gaztetxe paretik. Imajinatu titularra: “Gaztetxeak martin arrantzalearentzat onuragarriak dira”. Bigarren umore tanta.
Baina, adi, eztabaida honetan hiru hanka daude: uholde arriskua, presak eta ingurumena. Edozein herritarrak kontuan hartu beharko lituzkeenak. Udal arduradun batek, herritar batek ez al du bada, kontuan eduki beharko uholde arriskua? Zer da bada 50m-ko luzera duen presa bat 3m-tik metro batera jaistea 15m-ko luzeran? Ez da planteatzen presak desagertzea, erauztea, botatzea, ez. Gure ibaiko presak iragazkorrak bilakatzea baizik; Europako Kontseiluak berriki onartutako Natura Lehenesteko Erregelamenduan ibaiei buruz egin beharrekoak jarraituz. Arturo Elosegik esan zuen bezala, entzun nahi zuenari, hori da gure Deba ibaiaren alde egin dezakegun egokiena, onena.
Uholde arriskuaz. URA agentziak: “ aurreikus daitezkeen kalte estatistikoak esanguratsuak dira (1,6M€/urte), baita eragindako biztanle kopurua ere (209 bizt./urte)”. Hau jakinda, jarraitu dezakegu gure buruari tranpak egiten edo errealitateari aurre egin diezaokegu, URAk ematen dituen datuen kontrako beste datu kontrastaturik aurkeztu ezean.
URAk ondorengo gauza garrantzitsuak ere esaten ditu: “Malmero presa («Soraluzen hiru presa eraisteko oinarrizko azterlanak») planteatutako baldintzetan iragazkor egitea oso neurri eraginkorra da, Gabolats zubia ordezteko osagarri gisa. Bi jarduketak konbinatzean, hobekuntza hidraulikoa handitzen da, eta 50 urteko errepikatze-denborako uraldiaren defentsa Soraluzeko hirigune osora zabaltzea lortzen da”.
(«Soraluzen hiru presa eraisteko oinarrizko azterlanak») sartutako beste hiru presak iragazkor bihurtzeak areagotu egiten du Gabolats zubia ordezkatuta eta Malmero presa partzialki eraitsita lortutako hobekuntza hidraulikoa…”
Konbentzituta nago auzia bide onetik joango dela joko garbia eta sen ona gailentzen badira. Ez nuke nahi ”goitik” inork behartu behar izatea, legalki ezinbesteko eginez. Pentsatzen dut plaentxiarrok gai izan beharko garela erabaki zuzena eta egokiena hartzen, auziak dituen hiru ertzak ezin hobeki uztartuz.