Astebururako iragarpena
Barixakua: Goiza hego haizea dela eta epel hasiko dugu, eguerdi partean fronte hotz bat heldu, euritara jo eta tenperatura nabarmen jaitsiz. Arratsaldea, hortaz, euritsu eta hotza izango dugu. Tenperatura 6-12ºC artean, altuenak egunaren lehenengo zatian emanez.
Zapatua: Giro benetan petrala errege egunekoa, euria etengabe egingo baitu ziurrenik. Gainera, elurra nahiko baxu botako du mendigaina dezente zurituz bostehun bat metrotatik gora. Malutak beherago ere ikusi litezke prezipitazio ugarieneko momentuetan. Tenperatura 2-7ºC artean.
Domeka: Goiza aurreko egunekoaren pare joango da, arratsaldean atertzera eginez. Tenperaturak graduren bat egin lezake gora, ondorioz elur kotak ere gora eginez.
Batez bestekoa baino euritsu eta zertxobait hotzagoa izan den abendua eta gero neguak tregua eman digu azken egunotan, tenperaturari dagokionez bada ere. Negu beteko giroa bueltan da datozen egunetarako, ordea. Ipar atlantikotik heldutako depresio hotz eta ezegonkor batek hartuko du Iberiar Penintsula, bertako giroa nabarmen petralduz. Euri eta elur kontuak ugariak izango dira penintsula osoan eta gurean ez da salbuespenik izango.
Datorren asterako eboluzioa
Astelehenetik aurrera depresioak desegiteko bidea hartuko badu ere, ziurrena da atlantikotik beste fronteren bat edo beste heltzea. Zerbait epelduko badu ere, datorren astean giro nahasiarekin jarraituko dugu hortaz.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.