Astebururako iragarpena
Barixakua: Hego haizearekin hasiko dugu eguna, tenperatura epelekin. Zeruan erdi eta goi mailako hodeiak izango ditugu, arratsalde bukaeran helduko den frontearen ondorioz estaliz eta euritara joz. Haizeak orduan iparrera egingo du eta tenperaturak behera egingo du nabarmen. Tenperatura 9-16ºC artean ibiliko da.
Zapatua: Frontea pasa eta ipar haizearekin jarraituko dugu, nahiko ahul joko badu ere. Hodeitsu egongo da zerua, eta euri apur bat bota lezake, eguna aurrera joan ahala gero eta urriago izango bada ere. Tenperatura 5-10ºC artean ibiliko da.
Domeka: Aurreko egunaren antzekoa izango bada ere, euria are urriagoa izango da eta ostarteak ere zabalduko dira. Tenperaturak beste koxka bat egingo du behera.
Azores uharte inguruan egon ohi den antizikloiaren tokia depresio batek hartu du azken egunotan, Galizia aldea bustiz baina gurera hego haize lehor eta epela ekarriz. Datozen egunetan antizikloiak bere tokia berreskuratu eta iparra bidaliko digu, aire hotza eta euria ekarriz.
Datorren asterako eboluzioa
Azoreetako antizikloia sendotu eta iparraldera luzatzeko joera hartuko du datorren astean. Honek ipar haizea urrutiagotik ekarriko digu, tenperatura are gehiago jaitsiz eta giroa ezegonkortuz. Honela, astelehen eta martitzen lasai eta zertxobait epelagoen ondoren, litekeena da aste erdialdera begira mendigaina ere zuriz janztea sasoian lehen aldiz.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.