Astebururako iragarpena
Barixakua: Egunaren zatirik handienean zerua nahiko garbi egongo da, ipar-mendebaldeko haize ahulak lainoren bat edo beste eta aurreko egunetakoa baino tenperatura freskoagoa ekarriko dizkigun arren. Iluntze aldera zerua estali eta euri apur bat botatzea espero da. Tenperatura 9-18ºC artean ibiliko da.
Zapatua: Zerua estalirik egongo da ia egun guztian zehar eta zirimiria bota lezake noiz-nahi. Hala ere, ez du etengabe botako eta ordu zentraletan ostarteak ere zabal litezke. Ipar haize finak tenperatura jaitsiaraziko du, termometroek 15ºC markatuz asko jota ordurik beroenetan.
Domeka: Ez da aldaketa handirik espero. Akaso, zerua aurreko egunean baino zertxobait garbiago egongo da goiz eta eguerdi partean.
Aste honetan gain-gainean izan dugun antizikloiak Britainiar uharteetara bidea hartu eta ipar ukituko haizea bidaliko digu datozen egunotan. Honek euri kontu handirik ez baina tenperaturaren normaltzea ekarriko digu.
Datorren asterako eboluzioa
Datorren aste hasieran ez da aldaketa handirik espero, giro nahiko egonkorrarekin jarraituko dugu eta. Badirudi datorren asteko bigarren erdirako aldaketak datozela, baina ez dago garbi oraindik gurean nola eragin lezaketen.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.