Astebururako iragarpena
Barixakua: Hurrengo egunean helduko den fronte hotzaren aurretik ohikoa dugun hego-mendebaldeko haizea izango dugu. Honela, zeruan erdi eta goi mailako hodeiak izango ditugu, egunak aurrera egin ahala areagotuko direnak baina ondoriorik gabekoak, eta eguzkiak giroa epelduko du. Termometroek hogei graduko muga gaindituko dute.
Zapatua: Ordu txikitan frontea heltzearekin batera, haizeak mendebalde eta ipar-mendebaldera aldatu eta euritara joko du. Hodeitsu eta euritsu eutsiko dio egun guztian zehar, batutako euri kopurua handia izango ez bada ere. Tenperaturak nabarmen egingo du behera, 17ºC-ko maximoa goizeko ordu txikitan emango baita, egunean zehar 15ºC-ra iritsiz asko jota.
Domeka: Haizeak itsasotik joten jarraituko du eta giro goibela izango dugu berriz ere hortaz. Hala ere, zapatuan baino euri zertxobait gutxiago egingo du. Tenperaturak beste koxka bat egingo du behera.
Aste honetan udazkeneko giro ohikoa bueltan izan dugu. Mendebaldeko zirkulazioak fronteen joan etorria ekarri du gurera, giro aldakor eta nahasia eraginez. Asteburua fronte hotz batek markatuko du, baina badirudi datorren asteari begira hego-haizea bueltan izango dugula.
Datorren asterako eboluzioa
Asteburuko frontearen atzetik badirudi hurrengoa heltzeko denbora falta dela. Astearen lehenengo zati egonkor eta eguzkitsua espero dugu, astelehen eta martitzenean antizikloia nahiko gainean izango baitugu. Aurrerago haizeak hegotik joko duela dirudi, tenperaturari goraka bultzada emanez.
Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.
Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.