Asteburu eguzkitsu eta atsegina

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko urr. 5a, 17:52

Barixaku goiza goibel eta euritsua izango bada ere, arratsaldetik aurrera nabarmen egingo du hobera eguzkitsua izango den asteburuari hasiera emanez. Goiz freskoak eta arratsalde goxoak izango dira hizpide.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Fronte batek euria eta zeru estalia ekarriko dizkigu goizean, arratsaldean atertu eta ostarteak zabaldu arte, iluntzerako oskarbituz. Tenperatura 10-16ºC artean.

Zapatua: Egun paregabea, oskarbi hasi eta oskarbi bukatuz. Eguna fresko hasiko bada ere, 6ºC inguruan, eguzkiak giroa epeldu eta ordurik beroenetan 17ºC-ren bueltan ibiliko dira termometroak. Haizeak ahul eta norabide finkorik gabe joko du.

Domeka: Aurreko egunaren parekoa, tenperatura altuenak koxka bat egingo duelarik gora, 20ºC ingurura.

Antizikloia nagusi urriaren hasiera honetan Europa hegoaldean. Depresioak iparraldera mugaturik, gurean giro lasaia izango dugu datozen egunotan. Honek ez du esan nahi noizean behin zirimiria edo fronte ahulen bat edo beste gerturatu ez daitezkeenik, noski, baina ez da udazkenean hain ohikoak diren denboralerik espero momentuz.

Datorren asterako eboluzioa

Egoerak astebetean edo irautea espero dugu. Astelehen eta martitzena zertxobait hodeitsuagoak izatea espero badugu ere, ez da euri konturik espero. Eguaztenetik aurrera, gainera, hego ukituko haizeak tenperaturaren gorakada ekarriko omen du.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.